Egipto eta Portugalgo taldeak Folklore jaialdian
XXXVI. Nazioarteko Folklore jaialdia ospatuko da zapatuan [abuztuak 10] 21:00etan Bermeoko Artza Frontoian, eta Alkartasuna Dantza Taldeak, Udalarekin batera horren xehetasunak eman ditu gaur [abuztuak 7].
1986. urtean hasi ziren jaialdi hau antolatzen, eta helburu berdina izaten jarraitzen dute oraindik: euskal folkloretik aparte, atzerriko folklorea ezagutu eta erakustea. Horri, Gaizka San Pedro Alkartasuna Dantza Taldeko presidenteak beste xede bat ere esleitu dio: “Jaialdi honen bidez, Alkartasuna Dantza Taldeko kideek beste herrialde batzuetako dantza taldeekin egoteko aukera izatea, elkarrenganako ezagutzak bultzatuz”. Izan ere, bermeotarrak ere izan dira pare bat alditan atzerrian: “Portugalen, Ibizan, Kanariar Irletan, Asturiasen, Errioxan eta Valentzian” eta oso esperientzia onak bizi izan dituztela aitortu dute. Kasu honetan, ordea, herrian dantzatuko dute, eta 21:00etako emanaldia hasi aurretik, gonbidatutako taldeekin batera Lameratik kalejira egingo dute.
Zapatuan [abuztuak 11] herriko dantza taldearen ikuskizunaz gozatzeaz gain, “Egiptoko eta Portugalgo dantza taldeez gozatzeko aukera” ere egongo da Artza Frontoian. Alde batetik, Egiptoko El Shams Ballet Group taldearekin, eta bestetik, Portugalgo Grupo Etnografico Terras de Cambrarekin. “Talde biek dute historia luzea. Urte asko daramatzate dantzan, eta hainbat jaialditan ere parte hartu izan dute biek”, adierazi du San Pedrok. Hala nola, hainbat “dantza desberdin” erakutsiko direla aurreratuz.
Bermeoko XXXVI. Nazioarteko Folklore jaialdiko sarrerak 5 eurotan izango dira, zapatuan bertan 18:00etatik aurrera, Frontoiko leihatilan salgai. Udalak, zein Alkartasuna Dantza Taldeak “urtero izaten den arrakasta errepikatzera” gonbidatu ditu herritarrak, kultura desberdinak ezagutzeko eta “dantzaldi paregabeak” ikusteko, batik bat.