Bilboko Guggenheim "Urdaibai ez dago salgai" aldarrikapenez bete da
Abuztuaren 4ean [domeka] Bilboko Guggenheim museoaren aurreko aldea hainbat protesten eszenatoki bihurtu zen, "Urdaibai ez dago salgai" lelopean.
Gazteak x klima eta Guggenheim Urdaibai Stop elkarteak batu ziren domekan, helburu berdintsu batengatik borrokatzeko. Hain zuzen ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserban bi egoitza eraiki nahi dituen museoaren hedapen proiektua gelditzea eskatzeko. Hainbat jendek egin zuen protestarekin bat Bilbon. Protestaz gain, eskaera sinatzeko deia ere egin zuten gerturatutakoek Bilbon, jende gehiagorengana heltzeko asmoz.
Jokabide horren zergatia adierazi du Guggenheim Urdaibai Stop plataformak: “Proiektu osoa aurkeztuz gero, ingurumenean eragingo lukeen inpaktua jasanezina, onartezina eta justifikaezina izango litzateke.” Horregatik, denon elkarlana “beharrezkotzat” dute, izan ere, “turismo masifikatua eta ingurumen-iraunkortasuna ez direla bateragarriak” erakutsi nahi dute.