Finalerdiak erabakita zestaren katedralean
Olharan eta Gorkak eta Urreisti eta Zabalak lortu dituzte finalerdietarako libre gelditzen ziren txartelak, Barandika eta Basque eta Laduche eta Ibarluzea kaleratuz.
Eñaut Urreistiren [19 urte] joku bikainak eta bere bikote den Jon Zabalaren segurtasunak Xabi Barandika gernikarra eta Thibault Basque, Gernikako Grand Slamaren garaipena lortzeko lehiaketatik kanpo utzi ditu. “Azkenaldian Jai Alaien ezustekoak baino ez daude”, esan zuen Barandikak lehiaketaren aurkezpenean, eta horrela izan da. Basquerekin batera, ez baitute izan mutrikuarrari [Urreisti] eta markina-xemeindarrari [Zabala] irabazteko ia aukerarik.
Urreistiren hasiera bikaina, partidaren emaitzaren erakusle izan zen zestaren katedraleko azken jardunaldian. Pilota zailak atera zituen, horietara sartu ere egin zen, errebotean fin ibili zen, baina batez ere, partidari erritmo altua sartu zion gazteak, bere aurkariak ezinegonean jokatzea eraginez. Horri, Zabalaren jokoko etengabeko ziurtasuna gehituz, 6-15eko emaitzarekin bukatu zuten lehenengo txanda.
Bigarren jokuaren hasierarekin batera, Barandikak eta Basquek beraien jokoa partidan uztartzea lortu zuten behingoz: fisikoagoa, domeinuzkoa. Bigarren seta erraz irabazi zuten horrela, 15-8ko emaitza lortuz. Dena erabakitzear zegoen 5 tantutara jokatzen zen txandan. Berriz ere, Urreistiren agerpena erabakiorra izan zen, eta aurkarien hutsak aprobetxatuz eta ordura arteko jokoari tentuz jarraituz, Urreisti eta Zabala, publikoa zutik jarriz, finalerdietarako klasifikatu ziren.
Bestalde, Laduche eta Ibarluzea eta Olharan eta Gorkaren arteko norgehiagokan, batez ere, Gorka Sorozabalen hobekuntza izan zen aipagarriena. Izan ere, denboraldi txar baten ostean, berriz ere bere jokora bueltatu da, aste honetan jokatutako ligako hiru partida garrantzitsu irabaziz. Horien artean, alegia, zapatuko [abuztuak 3] Gernikako partida. Gorka eta Olharanen arteko konexio argiak eragin zuen emaitza, besteak beste. Ibarluzea ekiditea zuten estrategiatzat, eta horrela egin zuten. Izan ere, Ion Ibarluzeak, beste behin, partida oso serioa egin zuen, eta horrek aurkariak noizbehinka estu-estuan ibiltzea eragin zuen Ludovic Laducherekin batera. Atsedenaldira 14-15eko emaitzarekin heldu ziren, beraz, dena zegoen jokoan bigarren txandan. Hil ala bizikoa, beste behin.
Hasieratik amaierara arte oso berdintsua izan zen bigarren txanda, ordea. Laduche eta Ibarluzeak bi puntuko distantzia mantendu arren, horiak aurreratu ziren berriz. Lau pilotariak fin jokatu zuten, baina Olharanek Laducheren akats bat aprobetxatu zuen, eta horrela finalerdietarako txartela lortu zuten biek, 13-15eko emaitzaren menpe.
Finalerdiak, beraz, erabakita daude. Hain zuzen ere, alde batetik Olharan eta Gorka, Erkiaga eta Mantziren aurka lehiatuko dira datorren zapatuan [abuztuak 10] Jai Alai Frontoian. Bestetik, Urreisti eta Zabala izango dira, Johan eta Lopezen aurka.