Udako azoka martxan da Gernika-Lumon
Gaur [abuztuak 2] hasi eta astelehenera arte [abuztuak 5], domekan izan ezik, egongo da abian Gernika-Lumon urtero antolatzen den udako azoka.
Eskualdeko herriko hainbat dendek hartu dute parte oraingoan ere, eta beraien produktuak kalera atera dituzte gaur, Ocho de enero, Barrenkale Barrena, Santa Maria eta Artekale kaleetan zehar kokatuz. Horrela, bezeroak hainbat eskaintza bereziz gozatzeko aukera izango dute asteburu honetan zehar, eta bide batez tokiko dendetako erosketari bultzada nabarmena egin nahi izan die Gernika-Lumoko merkatari elkartuak.
Beherapen ugari nabarmentzen dira gainera, Gernika-Lumoren erdialdean. Izan ere, kalera irten diren saltzaile askok, beraien produkuak ateratzearekin batera, kartel handiak ere atera dituzte. Kartel horietan beherapen bereziak eta egunerokotasunean egiten ez dituzten eskaintzak dira nagusi, jendea bertaratzeko helburupean.
Salmentez gain, aparteko ekintzak ere antolatu ohi dituzte. Joan den urtean apar jaia eta trikitixa egon ziren herriko kaleak alaitzen. Aurton, berriz, apar jaia errepikatuko den arren, txikienentzako berezitasun berir batekin datoz antolatzaileak: puzgarriekin. San Juan Ibarra parkean izango dira aparteko ekintza hauek, eta dibertsioa helburutzat hartuz antolatuta daude.
Ordutegi aldetik, aurreko urtekoa mantentzen dute, hau da, gaur eta astelehenean, lanegunak izanik, 10:00etatik 20:00etara izango dira kalean. Bihar, ordea, zapatua izanik, goizez soilik: 10:00etan hasi eta 14:00ak arte. Beste behin, euria ez da arazo izango, hain zuzen ere, horrelako kasuan merkatu plazara aldatuko litzatekelako azoka.