Luis Iriondo Arte Eskolako margo lehiaketa, urtero hazten
Joan den uztailak 28an [domeka] egin zen hirugarrenez lehiaketa, eta antolatzaileak “harro eta pozik” gelditu dira.
Urtero hazten doa margo lehiaketa. Izan ere, Julen Munitis antolatzaileak esan duenez, “lehenengo urtean 5 partaide egon ziren, bigarrenean 15, eta azken honetan 18”. Berriketa moduan, herri epaimahaia izan dute aurton, urteroko epaimahai adituaz gain. Beraz, adituen eskutik hiru sari egon ziren jokoan, eta herri epaimahaiak gehigarrizko beste sari bat ere eman zuen. Lehenengo sariaren irabazlea Iker Mugarra izan zen, bigarren saria berriz, Leticia Gasparrek eskuratu zuen, eta hirugarren sariaren kasua berezia izan zen, izan ere, “bi parte hartzaileren artean partekatu behar izan zuten”. Esteban Oroz eta Carlos Espiga izan ziren azken horiek.
Ez zen berdinketa bakarra izan, ordea. Herri epaimahaiaren kasuan ere izan zen berdinketa, eta kasu honetan, gainera, gernika-lumotar bat izan zen sarituetako bat: Amaia Iruskieta, Jose Luis Lopezekin batera. Antolatzaileek ideia horrekin jarraituko dutela aitortu dute: “Hurrengo aldietan ere herri epaimahaia erabiliko dugu, ziur. Izan ere, gure helburuetako bat jendeak nolabait parte hartzeko aukera izatea da, eta aurtengo emaitzak ikusirik, lortu dugu”. Hain zuzen ere, aurreikusitakoak baino gehiago izan ziren bozkatu nahi izan zutenak: “100 bozkatzaile genituen aurreikusita, eta 123 lagunek bozkatu nahi izan zuten”.
Gernika-Lumo, indartsu. “Ez dago Gernika-Lumo bezalakorik honetarako”, adierazi du Munitisek. Hori arrazoitzeko “herriak duen eragina” aipatu du, ez baita berdina margo lehiaketa bat Durangon egitea, edo Gernika-Lumon egitea. Hurbildutako guztiek “zorion mezuak” eman zizkien antolatzaileei, antza. Arrakasta hori ikusirik, hurrengo urteetarako helburuak argi dituzte antolatzaileek; lehiaketak nibel bat lortzea. Horretarako “bide onean” doaz. “Sari hobeak lortzen saiatuko gara, partaide gehiago lortzeko”, hitzeman dute, bide batez. Era berean, esker oneko mezua bidali nahi izan dute, besteak beste, parte hartu zein bozkatu zuten edonori.