Busturiko Otsozulo gaztetxea rap musikaz beteko da bihar
Gazte Asanbladarekin elkarlanean, Auzholan elkarteak neskentzako rap ikastaro eta kontzertua antolatu du bihar [abuztuak 2] Busturiko Otsozulo gaztetxean.
Udako programaren barnean dagoen ekintza hau, “herrian dagoen kultura eskaintza faltagatik” sortu dute, Auzholan elkarteko kideen hitzetan. Izan ere, Busturiko bizitza sozialak gainbera izan du azken urteotan, eta nolabait hori aldatzea dute xede horrelako ekintzen antolakuntzarekin. Helburupean egin ohi dute lan Busturian: “Antolatutako ekintza guztiek izan dute asmo ala xede bat”. Kasu honetan ere horrela da, hain zuzen ere, neska gazteen arteko espazioak sortzea eta Busturiko neska gazteen elkar ezagutza erraztea baitira barikuko ekintzen helburu.
“Musikak gazteengan duen eragina ikusirik” erabaki zuten musikaren inguruan lan egitea horrelako ekintzak antolatzeko. Espinelis taldeko neskak izango dira 19:00etan eskainiko den rap ikastaroaren arduradunak. “Hainbatetan ikusi ditugu eta itzelak dira. Gainera, esperientzia handia dute tailerrak eskaintzen”, arrazoitu dute. Gonbidatuak izan ziren, ordea, ondorengo [21:00] kontzertuaren protagonista gomendatu zutenak. Hala nola, Puro Drewrekin batera emango dute Bermeoko raplariek kontzertua gaztetxean.
Egun hau “herriko gaztetxeari erabilpen gehiago emateko” antolatu dutela ere aitortu dute, eta beraien interesa argi utzi dute: “Otsozulo gaztetxea gune sozial moduan indartu nahi dugu”. Horregatik, inguruko neska gazteak animatu nahi izan dituzte: “Oso indartsua izango da eta ondo pasatzeko aukera paregabea da”.