Bermeoko Jaietako pregoilaria, herriaren erabakia
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia Jaiak gero eta hurbilago dauden honetan, Udalak aurtengo pregoilariaren aukeraketa herriaren esku utzi du.
Unai Gomez eta Mikel Jauregizar, Naia Laso edo Guggenheim Urdaibai Stop herri plataforma. Horiek dira Bermeoko Jaien hasieran udaletxeko balkoian, Nadia Nemeh Shomaly alkatearekin batera agertzeko aukerak. Izan ere, jai orok behar du pregoilari bat (ala gehiago), eta Bermeoko Udalak herriari utzi nahi izan dio erabakia. Horretarako, proposamen kutxu bat izan zuten herritarrek, eta 128 proposamen jaso ondoren, aipatutako hiru horiek izan dira errepikatuenak, kirolari eta ingurumenari keinu eginez.
Beraz, bermeotarren esku dago erabakia. Aukeraketa egiteko bi modu daude. Gizarte eta Kultura Etxean udalak ahalbidetutako kutxaren bidez, lehenik. Egunero 09:00etatik 14:00tara bitartean joanez. Bigarren aukera, ordea, mugikorretik egin daiteke, esteka honetan klik eginez, eta galdetegi labur bat betez.
Bozkatzeko epea, abuztuaren 9a [barikua] izango da, 14:00ak arte.