Faboritoek ez dute hutsik egin
Gernikako Grand Slamaren lehenengo jardunaldian, Johan eta Lopezek eta Erkiagak eta Mantzik lortu dituzte garaipenak. Emaitza borobiltzea kostatu zitzaien batzuei zein besteei, baina lehen lau puntuak lortu dituzte bi bikoteek.
Hasi da festa katedralean. Zapatuan (uztailak 20) Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan jokatutako Gernika Grand Slameko lehenengo jardunaldian faboritoek lortu zuten garaipena. Baina kostatako garaipenak izan ziren Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek Jean-Dominique Olharan eta Gorka Sorozabalen aurka lortutakoa eta Aritz Erkiagak eta Mikel Mantzik Eñaut Urreistiren eta Jon Zabalaren kontra irabazitakoa. Emaitza borobiltzea kosta zitzaien batzuei zein besteei. Hala ere, lehenengo lau puntuak lortu zituzten bi bikoteek.
Erkiagak eta Mantzik 15-6 eta 15-14koa ezarrita lortu zuten garaipena. Urreisti eta Zabala txapelketaren atarikoa eguenean irabazi ondoren sailkatu ziren txapelketara, eta kosta egin zitzaien erritmoa hartzea partiduaren lehen zatian. Erkiagak eta Mantzik pilota bizia aukeratu zuten, eta eroso jokatu zuten markagailuan 15-6koa jartzeko. Baina Urreistik eta Zabalak set arteko tartea aprobetxatu zuten ideiak argitzeko eta euren jokoan kontzentratzeko.
Bigarren setean bikain aritu zen Urreisti, ausart jokatu zuen. Sakeetan Erkiaga saihestea bilatuz eta aurrelari ispastertarraren erasoei erantzunez. Zabalak ere ondo lagundu zion bere aurrelari gazteari. Hala, aurretik joan ziren bigarren seteko zenbait momentutan, eta 12-14koa ere ezarri zuten. Hiru set bola izan zituzten jokoa itxi eta berdinketa hausteko hirugarren setera joateko, baina ihes egin zien bigarren setak. Izan ere, Erkiagak lasai jokatu zuen, eta esperientziadun puntista dela erakutsita, seta berdintzea eta garaipena eskuratzea lortu zuen. Ispastertarrak egindako tantuez gain, Mantzik ondo jokatu zuen, bere lana betez, eta pilota zailak aurrera ateraz.
Bigarren seta zirraragarria izan zen, eta Urreisti eta Zabalari aurrera egiteko euren aukeretan sinisteko balioko die. Izan ere, hurrengo astean atseden hartuko dute, eta A multzoko lehia Erkiaga-Mantzi eta Barandika-Basqueren arteako izango da.
Lehenengo partiduan, berriz, Johanek eta Lopezek garaipen erosoa lortu zuten Olharan eta Gorkaren aurka. Lehen setean, atzeko lana kargatu zuten Johanek eta Lopezek, eta nahikoa izan zen, Olharan eta Gorkak zenbait akats izan baitzituzten. 8-2koa zen markagailua lehen seteko atsedenaldian, eta 15-9koagaz amaitu zuten jokoa.
Bigarren setean, berriz, Johan eta Lopezek 9-0koagaz aurre hartu zieten, baina Olharanek eta Gorkak ondo erreakzionatu zuten, tanto bakarrera hurbilduz: 13-12. Hala ere, Johan eta Lopezek ondo eutsi zuten, eta estutasun nabaritu zuten arren, 15-13koagaz borobildu zuten aurrez aurrekoa.
Datorren astean finalerdietarako txartela ixtea lortuko dute Ladutxeren eta Ibarluzearen aurka.