Beste bandera bat 'Bou Bizkaia'rentzat
Galiziako uretatik ligako seigarren banderagaz itzuli dira Urdaibaikoak, atzo Boiron nagusituta. Zapatuan, berriz, hirugarrenak izan ziren Aguiñon. Sailkapeneko lehen postuan mantentzen dira.
Galiziako uretan ibili dira arraunlariak asteburuan, eta beste bandera bategaz —seigarrena— itzuli dira handik Bou Bizkaiakoak. Boiron erdietsi zuten garaipena atzo (uztailak 21), herenegun (uztailak 20) Aguiñon hirugarren sailkatu ostean.
Lehia estua izan zen atzokoa Galiziako urtean, azken metroetan erabaki baitzen bandera: Donostiarra nagusi izan zen lehen hiru luzeetan, baina amaieran aurrea hartu zion liderrak. Gorka Aranbrrik gidatutako traineruak 20.07,52ko denbora behar izan zuen lana amaitzeko, eta donostiarrek baino hiru segundo gutxiago. Hala ere, estropada erdira bitartean Donostiarrak izan dira aurretik, lau segundoko tarteagaz. Hirugarren luzean denbora tarte hori murriztu dute talde bermeotarreko arraunlariek, eta azken luze bikainaren ostean poltsikoratu du garaipena. Seigarrena zortzi estropadatan. Orain arte egindako bera egin zutela nabarmendu du Aranberrik: “Orain arteko berdina egin dugu, lan, lan eta lan. Eta atzo Zierbenaren aurka galdutako bi puntuak berreskuratu ditugu”.
Izan ere, Donostiarraren ostean sailkatu zen Zierbena, Urdaibairengandik zortzi segundora. Hondarribia sailkatu zen laugarren, lehen txandan arituta, eta Orio izan zen bosgarrena. Seigarrenak izan ziren ondarrutarrak, 20.38,32 segundo behar izan baitzituzten, garaileek baino 30 segundo gehiago. Lekittarra, berriz, bederatzigarren sailkatu zen 20.49,86ko denboragaz, irabazleengandik 42 segundotara.
Aguiñon, zapatuan.
Boiron aritu aurretik, baina, Aguiñon arraun egin zuten zapatuan, eta Zierbenak denboraldiko bigarren bandera eskuratu zuen bertan. Proba 20.30,94ko denboran amaitu zuen, eta bigarren sailkatu zen bigarren txandan aritu zen Donostiarra. Urdaibaik eta Oriok baino denbora hobea egin zuten, kronoa 20.38,12ko denboran geldituta.
Eusko Label Ligako liderrak hirugarren izan ziren, Zierbenak baino bederatzi segundo gehiago behar izanda. Laugarrenak, berriz, oriotarrak izan ziren 23 segundoko atzerapenagaz.
Ondarrutarrek bosgarren postu bikaina lortu zuten, eta Isuntzak seigarrena. Parez pare aritu ziren biak ala biak, baina bost segundoko tartea lortu zuten Ondarroakoek Lekeitiarren aurka. Zierbenak baino 25 segundo gehiago behar izan zuen Itsasoko Amak eta 30 segundo, berriz, Lekittarrak.
Asteburuko emaitza guztiak kontutan hartuta, Eusko Label Ligako lehen postua sendotzen jarraitzen du Bermeo Urdaibaik, 93 puntu eskuratuta. Podiumeko bigarren koska Zierbenarena da 86 puntugaz, eta oriotarrek 72 dituzte hirugarren postuan. Hondarribia, berriz, laugarrena da 71 puntugaz.
Zortzitik zortzi Arraun Lagunakentzat.
Geldiezin segitzen du Arraun Lagunakek ligan. Zortzitik zortzi garaipen eskuratu ditu Euskotren Ligan. Boiroko uretan lehaitu zuten atzokoan eta 10 segundoko errentagaz irabazi zuten estropada. Bigarrena izan zen Donostiarra, baina gertu izan zituzten tolosarrak.
Aurreko egunean ere, eurek irabazi zuten barbaza Arousako Banderaren lehen edizioa, lanak 11.00,46ko denboran amaituta. Tolosarrek estu hartu zituzten liderrak, eta ameira aldean behin baino gehiagotan parean jarri ostean, azken metroetan Arraun Lagunakek hartu zuen arrea. Hirugarrenak oriotarrak izan ziren, garaileak baino 8 segundo geroago ailegatuta. Eta laugarren postuan gelditu zen Donostiarra.
Gauzak horrela, Euskotren Ligako sailkapenean nagusitasun osoa mantentzen du Arraun Lagunakek, 64 puntugaz. Tolosaldea eta Orio puntuetan berdinduta daude, 48gaz, eta laugarren koskan dago Donostiarra, 45 puntugaz.