320 mendizalek parte hartu dute Kortezubiko Mendi Martxan
Kortezubiko XVII. Mendi Martxan bildu ziren medizaleak zapatuan (uztailak 20), eta, beste urte batez, “giro bikaina bezain ederra” sortu zen herri inguru zein mendi magaletan. Izan ere, partaideek bi ibilbide egiteko aukera izan zuten: 20kilometroko martxa luzea eta 11 kilometro inguruko laburra.
Guztira 320 lagun inguru elkartu ziren mendi martxan: 110 lagun inguru izan ziren ibilbide luzea aukeratu zutenak, eta 210 inguruk egin zuten laburra. Laburrean gehiagok parte hartu ohi dute “herrikoiagoa” delako eta umeekin zein gaztetxoekin egiteko aproposa delako. Hala, parte hartzaile kopuruagaz “gustora” geratu dira.
Gure Arbasoen Herria Kultur Elkartekoek azaldu modura, martxa luzerako bi ibilbide izan ohi dituzte, eta horiek txandakatzen dituzte urte batetik bestera, tontorra aldatuz: urte batean Arrolatik egiten dute, eta bestean, San Migeletik. Aurten, San Migel igo dute, eta parte hartzaileak gustura geratu dira ibilbideagaz. Kortezubitik zuzenean igotzen dute San Migeleko tontorrera, eta handik Gabika ingurutik jaisten dira Basondora, eta Ibarrolaren mendira joaten dira gero, itsasoaren mailaraino apurka-apurka jaitsiz.
Martxa laburra egin zutenei ere, ibilaldia gustatu zitzaiela diote antolatzaileek, eta azken kilometroetan jende multzoak ikus zitezkeela nabarmendu dute: “Momentu batean ibilbide luzekoek zein laburrekoek tarte bere egin behar izaten dute, eta jendea elkarregaz bertaratzen ikustea polita izan zen”.
Bi anoa postuez gain, amaieran, parte hartzaile denentzat txistorra, garagardoa, txakolina, sagardoa, etab. egon ziren. Jendeak presa barik hartu zuen, eta denbora luzea egin zuen bertan, egun “biribila” osatuz.