Mentzeta-Larruze bidea egokitzen amaitu dute
Mentzeta-Larruze bidea egokitzeko bigarren faseko lanak amaitu ditu Ajangizko Udalak. Hala, iaz eta aurtengo obra lanen bitartez, kilometro batean hobetu dute bide hori; iaz 500 metrotan egin zituzten lanak, eta aurten, beste 500 metro egokitu dituzte. Aurtengo obrek 234.832,60 euroko aurrekontua izan dute, baina horiek egiteko Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du udalak.
Hori horrela, inguru horretan bidea zabaldu dute, eta bideko areka berriak egokitu dituzte, ura bide egokitik joan dadin. Hori egindakoan, dena asfaltatu eta bideko marrak margotu dituztela azaldu du Koldo Karbonell alkateak, baita oinezkoentzako bideko piktogramak jarri dituztela ere.
“Lehendabizi lurrak eskuratu behar izan genituen, eta arazo barik egin genuen hori”, azaldu du Karbonellek, izan ere, jakinarazi du auzotarrek behin baino gehiagotan eskatu dutela bi hori moldatzea. Lehenagoko bidea “estua” zela dio, ez zegoela egoerarik onenean gehituz.
Horren ondoan dagoen bide publiko bat ere egokitu dutela jakinarazi du alkateak, inguruan dagoen berotegira eroaten duena. Izan ere, lehenengo sektoreari bultzada eman gura diote.