Axpe eta Altamirako jolasguneak berriztatu ditu Busturiko Udalak
Altamirako eta Axpeko parkeetan eta Altamirako Tenis pisten ondoan gauzatu dituzte berritze lanak, umeen eta gazteen aisialdirako guneak hobetzeko asmoz.
J.M. Uzelai Udal Eskola, haurreskola, kultur etxea eta udalerriko kirol ekipamendu gehienetako haurrak Axpe eta Altamira auzoetan batzen dira eta horietako aisialdi-guneetan berriztapenak egin ditu Busturiako Udalak. Izan ere, Aitor Aretxaga Busturiako alkateak azaldu duenez, txikiak eta gazteak “herriaren etorkizuna” dira, eta, era berean, “azpiegiturak eta zerbitzuak mantentzeko estrategia globalarekin” lotura zuzena du inbertsio horrek.
Alde batetik, “eguraldi kaskarraren” ondorioz, hondatuta zegoen estalitako jolas-parkearen kautxuzko zorua aldatu dute. Haurreskolako parkean ere zabu berriak gehitu dituzte. Alegia, ezohikoa den txirrista-etxola batez osatutako multzo berri bat eraiki dute, horrela, haurren mugikortasuna sustatuz. Horrez gain, auzo horretako tenis pisten ondoko zelaiko belar artifiziala ere berritu dute, eta azkenik, Axpe auzoan hondatuta zegoen habi formako zabua berritu dute, “hainbat umek batera jolasteko eserlekuak jarriz, eta beraien segurtasuna indartzeaz gain, desgaitasuna duten haurrentzat ere irisgarri den jolas integratzaile bihurtuz”.
Aurrekontuetan sartuz, Busturiako Udalak guztira 78.000 euroko inbertsioa egin du aipatutako azpiegiturak mantentzeko. Zabuen mantenurako 15.000 euro, kautxuaren barriztapenerako beste 11.000 euro, belar artifizialarentzat 28.000 euro eta estalkiaren konponketetarako 24.000 euro erabiliz.