Ajangizko udaletxeko teilatua eraberritzen hasi dira
48.028,15 euroko aurrekontua dauka obrak. Teilatuko lanak amaitzen dituztenerako, horretan eguzki plakak jartzea aurreikusi dute.
Ajangizko udaletxeko teilatua “oso zaharkituta” zegoela-eta, hori konpontzeko obrak hasi zituzten joan den astean, udaletxean, eta 48.028,15 euroko aurrekontuagaz gauzatuko dituzte lanok.
Udaletxeko eraikuntzako teilatu hegalak egoera txarrean daudela ikusita, estalkiaren egoera, teilen eta estalkiaren elementu bereziak, teilatu hegalak, tximiniak, instalazioak eta abar aztertu zituzten, eta, udal arkitektuak ondorioztatu zuen teila eta estalkiaren elementu bereziak eguneratu behar zirela.
Herriko alkate Koldo Karbonellek esan du “beharrezkoa” zelan lanokin hastea; izan ere, Ajangiz Gernika-Lumoren parte zeneko teilatua da udaletxean zegoena, 50 urte baino gehiagokoa. Alkateak jakinarazi du dagoeneko teila guztiak kendu dituztela, eta hezetasuna saihesteko isolatzaileak ere jarriko dituztela teilatuan. Horrez gain, teila berrituak jarriko dituzte.
Gehitu dute, obrak aprobetxatuko dituztela Pertxamendi txokoko ezkaratzeko keak teilatutik bideratzeko. Hala, txokotik teilaturainoko hodi bat egokitzen ari dira, ke horiek teilatutik kanporatzeko.
Lan hauek lehendik udaletxean egindako beste lan batzuen jarraipena dira, izan ere, udaletxea zatika berriztatzen ari dira. Lehenengo, udaletxeko sarrera “itxuraberritu” zuten, hori margotuz eta eskailerak lixatu eta bernizatuz. Lurreko lauza berriak ere jarri zituztela gogoratu du alkateak, eta, esan du, orain euren asmoa dela bertan koadro batzuk jartzea.
Horrez gain, osoko bilkuren aretoak ere itxura berria dauka. Hori ere margotu zuten, baita lurra lixatu eta bernizatu ere. Horrez gain, argiteria guztia aldatu zuten bertan eta altzari berriak ere jarri zituzten.
Energia berriztagarria.
Hala, teilatuko lanak amaitzen dituztenerako, horretan eguzki plakak jartzea aurreikusi dute udal ordezkariek, energia berriztagarria erabiltzeko asmoz. “Asmoa da teilatua eraberritzerakoan udaletxeko horma guztiak margotzea eta teilatuan eguzki plakak jartzea, udaleko eraikinei energia berriztagarria eskaintzeko”, azaldu du Karbonellek. Izan ere, energia berriztagarri horrekin udaletxea, taberna, kultur etxea, eta udalak Mendi0ta inguruan dituen bi biltegiak hornitu gura dituzte etorkizunean.
Horretarako baina, “ezinbestekoa” zela teila eraberritzea onartu du alkateak: “Eguzkitako plakak jarri gura ditugu teilatuan, baina teilak egoera zahar horretan egonda ezinezkoa zen hori egitea. Ondorioz, eguzki plakak jartzeko, egoera onean jarri gura izan dugu teilatua”.