Hezkuntza sailak 9,7 milioi euro bideratuko ditu Haizederreko eraikin berria egiteko
Ikastetxe berriaren zati handi batek zurezkoak izango ditu egitura, fatxada eta kanpoko itxiturak. Eraikin berriak ekoraginkortasunaren aldeko apustua egingo du: energia berriztagarriekin, material jasangarriagaz eta klimatizaziorako geotermia erabilita.
Natxituko Haizeder eskolako eraikin berria egiteko 9.795.929,08 euro inbertituko ditu Hezkuntza sailak, BEZa barne. Gobernu Kontseiluak joan den astean (ekainak 18) jakinarazi zuen Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea eraberritzeko erabakia, eta obra lanak 2025eko lehen hiruhilekoan hastea aurreikusi dute, izan ere, orain, eskola berria eraikitzeko proiektua esleitzeko prozesuari ekingo diote.
Haizeder ikastetxe publikoak Natxitua, Ea, Ibarrangelu eta Elantxobeko haurrak hartzen ditu, eta jakinarazi dute, eraberritze lanek iraun bitartean, eskola txikiko ikasleek Ibarrangelun jasoko dituztela eskolak. Hain zuzen ere, 21 hilabeteko exekuzio epea dauka proiektuak, obrak hasten direnetik zenbatzen hasita.
Guztira 2.737 metro koadroko azalera eraikia izango du eskola txikiaren eraikin berriak, eta egungo eskolak hartzen duen orube berean eraikiko da. Hori dela eta, jarduera horren barruan sartzen da egungo eskola instalazioak eraistea. Hala ere, eskolako frontoi estaliak bere lekuan segituko du, eraitsi barik. Izan ere, bere kontzepzioa, eraikuntza eta testuinguru historikoa aintzat hartuta, elementu arkitektoniko aipagarria da, mugimendu modernoaren obra bat. Hala du dokumentatuta DOCOMOMO (Documentation and Conservation of buildings, sites and neighbourhoods of the Modern Movement) nazioarteko erakundeak. 1962an egin zuen Rufino Basañezek frontoi hori, Euskal Herriko arkitektura modernoaren aitzindarietako batek.
Eraikina eraikiko duten lursailak malda handia duenez —goian dauka frontoia—, proiektuak proposatzen duen eraikina ozta-ozta irtengo da frontoiaren lurzoruaren kotatik, eta maldan integratuta geratuko da, frontoiaren izaera monumentala indartuz. Zehaztu dutenez, eskailera eta igogailua hartzen dituen nukleo txiki bat baino ez da gailenduko eraikinaren teilatuaren gainetik.
Hein handi batean zurezkoa izango den eraikin luze bat egin gura dute: zurezkoa izango da egitura, fatxada eta kanpoko itxura. “Mendebaldean dauden eraikuntza bolumenetan nagusituko da egurraren erabilera”, azaldu dute Hezkuntza sailetik. Eta, jakinarazi dute, bi solairutan banatutako egitura izango dela, beheko solairua eta lehen solairua izango dituena.
Bi solairu
Beheko solairuan Haur Hezkuntzako gelak —guztiek irteera zuzena izango dute etapa horretako jolasgunera—, sukaldea, jangela eta instalazio gelak egongo dira. Lehenengo solairuan, aldiz, Lehen Hezkuntzako gelak eta tailerrak egongo dira, baita administrazio, zuzendaritza eta irakasleen gunea ere, liburutegiagaz batera. “Horren gainetik eskaileren eta igogailuen nukleo bertikala baino ez da nabarmenduko, frontoiaren aurrean eta kota berean; beraz, eraikinak irteera zuzena izango du eskolak jolaserako eremu estali gisa erabiltzen duen frontoirantz”, azaldu dute.
Eraikin berriak izango duen orientazioari dagokionez, geometria ortogonala izango du, eta horrek irakaskuntzarako erabiltzen diren espazio guztietan argi naturala sartzen utziko duela nabarmendu dute. Izan ere, aurrealdeko lehen solairuan balkoi luze bat edo galeria bat nabarmenduko dela diote, egurrez eraikitakoa eta eraikina inguratuko duena. “Konponbide horrek babestu egiten ditu lehen hezkuntzako ikasgelak zuzeneko eguzki izpietatik, galeria estaltzen duten aterpeei esker, baina, horrez gain, Lehen Hezkuntzako ikasgelen kanpoko perimetro ibilbidea egiteko aukera ematen du, eta, beraz, horiek guztiek zuzeneko irteera dute kanpora”, argitu dute.
Eraikin berritik kanpo, eskola esparruak berdegune zabalak izango ditu; ze, esan dute, kanpoko eremu horiek gune “atsegin eta begetal” gisa konfiguratu direla, egokiak izateko “jolas alternatibo eta dinamikoen elementuak hartzeko, psikomotrizitatea lantzeko, esploratzeko, edota bizikidetza eta egonaldia sustatzeko”. Maldako eremuak bide zidorren bidez konektatu gura dituzte, eta horiek eskailera mailaz, trabesak erabilita edota elementu txikiz edo harrizko hormaz jantziko dituzte.
Horrez gain, eskola eraikin berriak ekialdeko hegalean estalki lau bat izango duela diote, ibiltzeko modukoa; frontoiaren zabalgunearen luzapen modura proeiktatu dute hori, jolasleku izan dadin. Hala, jakinarazi dute, kanpoaldeko espazio guztiak eskolako ordutegi eta egutegitik kanpo ere erabili ahalko direla, “oso beharrezkoak” direlako azpiegitura gutxi dagoen lekuetan.
Eraikin ekoeraginkorra.
Eako Haizeder ikastetxe publikoarentzako eraikin ekoeraginkorra diseinatu dute; horretarako, energia berriztagarrien eta material jasangarriaren aldeko apustua egin dute.
Hala, tenperatura baxuko geotermia sistema izango du eraikinak, bero ponpa geotermiko batez eta tenperatura trukagailu bertikalez osatuta. Sistema horrek ingurumen arloko prestazio interesgarriak ditu: alde batetik, ez du zuzeneko CO2rik sortzen ezta aire berorik kanporatzen, eta aurrezpen ekonomiko eta energetiko handia ere badakar, energia gutxi kontsumitzen duen klimatizazio sistema delako; beste alde batetik, teilatuan panel fotovoltaikoak jarriko dituzte ikastetxea argindarrez hornitzeko.
Materialei dagokienez, zur jasangarria, birziklagarria eta aztarna ekologiko baxukoa erabiltzea lehenetsiko dute, baita material birziklatua erabiltzea ere. Eta, eraikinaren energia kontsumoari erreparatuta, proiektuak lehenetsi egiten du eraginkortasun termiko handiko materialak, isolatzaileak eta emisiboak ez diren beirak erabiltzea, baita zubi termikoak ezabatzea ere. Neurri aktiboez, berriz, aireztapenean beroa berreskuratzeko sistemak eta eraginkortasun handiko ponpak erabiltzea nabarmendu dute.