Urreisti eta Manzi, maisutasunez txapeldun
Atzo jokatu zituzten Eguenetan Jai Alai afizionatuen txapelketako finalak. Elite mailan, Urreisti eta Manzik jantzi zuten txapela; Lehenengo mailan, Celayak eta Elkorok, eta 18 urte azpikoetan, Jokinek eta Paulek.
Negu sasoian, astelehenetan, eta udaberrian, eguenetan. Gernika Jai Alai zesta-punta eskolak antolatu duen Eguenetan Jai Alai afizionatuen txapelketak aparteko giroa sortu du eguenetan zesta-puntaren katedralean. Atzo [ekainak 20] jokatu zituzten finalak, eta txapelketako hautagai nagusiak gailendu ziren Elite mailan: Eñaut Urreisti eta Mikel Manzisidor ‘Manzi‘ mutrikuarrak.
Maila handiko finala espero zen, izan ere, profesional mailan partidaren bat jokatu izan duten lau pilotari baitzeuden kantxan, Jokin Arbe eta Iñigo Unda alde batetik, eta Urreisti eta Manzi bestetik. Lehenengoak, finalaurrekoetan arazo handirik gabe irabazita iritsi ziren egun handira, konfiantzaz gainezka. Mutrikuarrak, ordea, eztuagoa ibili ziren Urko Leke eta Gorka Mugartegi ‘Atain II’en aurka.
Aurrekariei kasu eginez, Arbe eta Undak bazuten garaipenean sinesteko arrazoi nahikoa; ligaxkako partiduan 12-15/15-13/5-4 irabazi zuten aurrelari markina-xemeindarrak eta atzelari gernika-lumotarrak. Atzokoan, baina, Urreisti eta Manzi martxa bat gehiagorekin kantxaratu ziren, eta hasieratik aurkeztu zuten euren hautagaitza. Markagailuak 1-1a plazaratzetik, gipuzkoarren aldeko 6-1a erakustera pasa zen.
Nahi eta ezin.
Mutrikuarren hasierako partzialari erantzun bat emateko asmoarekin, Arbek jokoan gehiago sartzeko ardura hartu zuen. Tanto pare bat egin, eta sentsazio txarrak atzean uzteko aukerak zituztela ematen zuenean, baina, Urreistik eta Manzik euren mailarik onena atera, eta txalo zaparradak eragin zituzten tantoak eginez oraindik gehiago zabaldu zuten tartea. Lehenengo seta 15-6 bukatu zuten.
Zesta-puntaren aro berri honek bigarren aukera bat eskaintzen dio lehenengo set eskasa egiten duen bikoteari. Atzokoan, ostera, Arbe eta Undak ez zuten eguna izan. Eta Urreisti eta Mainzi eurenera: aurrelaria, egindako tantoekin bere kalitatea plazaratuz, eta atzelaria seguru eta menperatzaile.
Horrela, Arbek eta Undak ez zuten aukerarik izan, eta mutrikuarrak bat-batean jarri ziren 14 eta 6ko abantailaren. Partidua zarratzea kosta bazitzaien ere, 15-10 bukatu zuten bigarren seta, eta beraz Elite mailako txapela jantzi zuten.
Gainontzeko finalak.
Elite mailakoez gain, lehenengo mailako eta 18 urte azpiko finalak ere jokatu ziren atzokoan. Lehenengo mailakoan, Zelaiak eta Elkorok 15-13/15-8 iarabazi zieten Javier eta Pauli. 18 urte azpikoetan, Jokinek eta Paulek jantzi zuten txapela 15-8/15-8-menperatu ostean Martin eta Oinatzi.