Naia Lasok Olinpiar Jokoetarako txartela lortu du
Budapesteko sailkapen proban beharrezko puntuazioa jasota, skater bermeotarra Parisko hitzordu handian egongo da. Bien bitartean, oraindik guztiz osatu barik duen lepauztai lesioa atzean utzi beharko du.
Naia Laso skater bermeotarrak denboraldiko jomuga nagusia erdietsi du: Olinpiar Jokoetarako sailkapena. BAT Basque Team Fundazioko bekadun kirolariak aurten minberatuta eduki duen lesio bat atzean utzi du, eta goi mailari eutsi dio. Budapesten (Hungaria) lehiatu du Olinpiar Jokoetarako sailkapen proba eta jomuga hori eskuratzeko gutxieneko puntuazio langa gainditu du, park modalitatean. Bermeoko atleta gazteak lehendabiziko sesioan bakarrik parte hartu du, eta 9,66 puntu poltsikoratu ditu; jokoetarako sailkapen fasean 104.155 puntu lortuta, nahikoak suertatu zaizkio.
Udako eta urteko helburu esanguratsuenari begira, baina, Lasok oraindik ez ditu lanak burutu: maiatzean Shanghaiko probaren entrenamenduetan ezker lepauztaia apurtu zuen, eta oraindik lesio horren berreskurapen prozesuan murgilduta dago. Txinako zitan, beraz, ezer gutxi egin ahal izan zuen: lehen sailkapen lehiaketan parte hartu zuen, eta gutxieneko puntuazioa eskuratu; haregaz, bere aurkariekiko puntu arrakala handitzea bermatu zuen, sailkapenaren lehiari lasaitasun handiagoz heltzeko balio izan diona. Parisko hitzordu handira puntu onenan iriste aldera, errekuperazio beharrekin jarraitu beharko du, eta horiek Basque Team Zentroan egingo dituela aurreratu dute fundaziotik. 15 urteko adinagaz, bermeotarra skate alorraren orainaren eta etorkizunaren isla da.
Naia Laso: “Parisen klabikula berreskuratuta egongo dela uste dut”
Lehiaketara bueltatzearren “pozarren” agertu da Laso, eta, etortzeko dagoenari begira, prest: “Parisen klabikula berreskuratuta egongo dela uste dut; oraindik apur bat minberatuta nago, bereziki, gauez; edozelan ere, berreskurapena bide onetik doa, eta jokoetan lehiakor egotea espero dut”. Budapesten lehen txandan bakarrik lehiatzeari dagokionez, “apur bat lotsatuta” azaldu da: “Jende guztia begira egon da, baina, segurtasunari begira, ez dut txanda guztietan parte hartu; arraroa izan da, baina pozik nago sailkatu izanagatik”.