Musika, dantza eta jai artean txarrak erre eta onak eskatuko dituzte auzoetan
San Joan eguna ate joka dago, eta eskola, herri eta etxeetan gaitzak erretzeko prestatzen hasiak daude. Sorginak, laztoa, egurra, eukaliptoa… dena dago prest, San Joan bezperan sugarrak piztu eta sutearen inguruan dantzatu, abestu eta saltoka aritzeko. Gertaera txarrak atzean uzteko aukera izateaz gain, konjuruak esanda desioak eskatzeko unea ere bada. Herri batzuentzat, gainera, bizilagunak elkartu eta auzoetako jaiak ospatzeko aitzakia ere bada.
[EGITARAUAK: SAN JUAN SUAK, HERRIZ HERRI]
Jai giroan bilduko den auzoetako bat Gernika-Lumoko San Juan Ibarra da, gaur hasi eta lau eguneko iraupena izango duen egitaraua prestatu baitute. Ez dira baina, atzean geldituko Errigoitiko Sallobante, Ereñoko Gabika, Muxikako Ajuria, Ajangizko Kanpantxu, Morgako Ganbe eta Mendatako Lamikiz auzuneetan, denek ala denek gozatuko baitute hamaika ekintza ezberdinez.
Kanpantxun gaur bertan hasiko dituzte ospakizunak, esku pilotako finalaurreko partiduekin. Jarrain, gainera, bakailaoa jateko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Egun handia biharkoa izango da, III. Buelta Kanpantxu lasterketan elkartuko baitira ume zein nagusiak, herri bazkarira joan aurretik. Parte hartu gura dutenek aurretik izena eman beharko dute, eta aurreratu dutenez, izen emateen bitartez lortzen duten dirua Adouna Elkartearentzat, Afrikako Garapenerako Lankidetzarako Elkartearentzat izango da.
Bermeotarrek, bestalde, Gaztelugatxen aurkitzen dute sanjuanetako xarma; horietako askorentzat ez dago San Juan egunik Gaztelugatxera joan barik.
Mendatako Lamikiz auzoan tradizioan oinarritutako jarduerarik ez da faltako: San Juan baselizan emango dute meza, eta jarraian, musikagaz girotuko dute ingurua. Bertsolariak ere egongo dira, eta, horrez gain, pintxoak eta edariak izango dituzte aukeran bertaratzen direnek.
Morgako Ganben, ohiko herri bazkarian, tute txapelketan eta txokolate eta sardina janean bilduko dira, eta gaua erromeriagaz bukatuko dute.
Gabikako jaien barruan, meza entzun eta Busturri-gane Elkartearen eskutik hamaiketakoa jan ostean, briska txapelketa herrikoian bilduko dira Ereño eta Nabarnizko bizilagunak. Hori bukatuta, txantxiku txapelketa jokatuko dute.
Lau eguneko egitaraua eta denentzako jarduerak egongo dira Gernikako San Juan Ibarran: barbakoa, musika, dantzak, puzgarriak… SOMEko Banda Sinfonikoko 50 musikari, Rock Konboa eta eskolako zortzi abeslari bilduko dira, Ross Dantza Eskolakoekin, Rock N’ Band ikuskizunaren 12. aldian.
[EGITARAUAK: SAN JUAN SUAK, HERRIZ HERRI]
Ospakizunei jarraipena emango diete Ibarruriko Ajurian ere. Etzi, Baso Txoritxu Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du, eta ostean, Muxika, Ibarruri eta Gorozikako emakumeen Oxigastra Curtisi antzerki taldearen txanda izango da: San Juan Gaueko ikuskizuna eskainiko dute.
Egitarau oparoa prestatu duen beste auzo bat Sallobante da. Bihar herri kirolak eta idi-probak izango dituzte aukeran errigoitiarrek; etzi, bestalde, txokolate janagaz eta makil jokoez gozatu ahal izango dute, iluntzean gaitzak erretzera bota aurretik.