45.000 euro bideratuko zaizkie herriko kultur taldeei
Gernika-Lumoko Udalak 45.000 euro banatuko ditu herriko kultur taldeen artean. Irailaren 27ra arte aurkeztu daitezke eskaerak.
Gernika-Lumoko Udalak 45.000 euro banatuko ditu herriko kultur taldeen artean. Azaldu dutenez, diru horren bitartez herriko “hainbat kultur programa” babestea bilatzen du udalak.
Egin dituzten kalkuluen arabera, tokiko hogeita hamar kultur talde inguruk jasoko dituzte laguntzak, eta urtean zehar dituzten proiektuak garatzera bideratu beharko dituzte laguntza horiek.
Jakinarazi dutenez, hurrengo irizpideak hartungo dituzte kontutan laguntzak banatzeko orduan: Proposatutako jardueraren interesa; euskal kultura eta euskara sustatzeko ekimenaren egokitasuna; 2030 Agendaren Garapen Iraunkorreko Helburuak; eta Kultur Etxeak bultzatutako ardatz estrategikoak eta kultur planak.
Kultura, Euskara eta Jaietarako zinegotzi Ziortza Bilbaok eman ditu laguntzen zehaztapenak. “Herriko bizitza kulturala dinamizatzen duten taldeen funtzionamendua bultzatzeko aurten ireki den deialdiaren barruan, laguntzak 500 eta 3.000 euro bitartekoak izango dira, programen arabera. Espeleologia, arkeologia, argazkilaritza, musika, kirola, antzerkia edo antzinako tradizioak (adibidez, Marijesiak) bezalako arloetan diharduten kolektiboak dira laguntzen onuradunak”, zehaztu du.
Eskaerak aurkezteko epea irailaren 27ra arte egongo da zabalik, eta oinarriak Kultur Etxearen webgunean kontsulta daitezke.