'Bou Bizkaia', ligari hasiera emateko prest
Arraun talde euskaldunak nagusitu dira 67. Espainiako Traineru Txapelketan: Bermeo-Urdaibai Arraun Elkartea eta Arraun Lagunak, hurrenez hurren, gizonezkoen eta emakumezkoen estropadetan.
Eusko Label Ligari hasiera emateko prest dago Bermeo Arraun Taldea, eta horren adierazle dira Iker Zabalak gidatutako taldeak azken asteetan bereganatu dituen emaitzak: hiru astetan, hiru txapelketa. Bizkaiko eta Euskadiko Txapelketetan nagusitu ostean, asteburuan [ekainak 14 eta 15] Donostian lehiatu den 67. Espainiako Traineru Txapelketan parte hartu dute bermeotarrek, eta bosgarren aldiz Espainiako bandera etxera eramatea lortu dute.
Zapatuko arraunketan aurkeztu zuen Bermeo Arraun Taldeak bandera eskuratzeko bere hautagaitza; sailkapen estropadan 21.16,13ko denbora behar izan zuen, lau luzeak egiteko, Pasai Donibane Koxtape Arraun Elkarteak baino 15 segundo gutxiago. Domekako A fineko A txandarako sailkatu ziren beste bi taldeak Zierbena Arrun Elkartea (22.13,50) eta Hondarribia Arraun Elkartea (22.15,31) izan ziren. Hala, Isuntza Arraun Elkarteak, Club Remo Chapelak, Pedreñak eta Camargok osatuko zuten B finala.
Bermeotarrek, baina, zapatuan egindako lana domekan biribildu beharra zuten, aurreko eguneko denborak ez baitziren kontutan hartzen finalean. Arraunlariek itsas baldintza gogorrei aurre egin beharko zietela zirudien arren, azkenean uste baino erosoago aritu ziren, eta, zapatuan ez bezala, domekako lehen luzeak estropada lehiatua izango zela iradokitzen zuen. Lehen ziabogan, Zierbenak markatu zuen denborarik onena 04:59ko denboragaz, eta Bermeo baino segundu bat azkarrago. Itzulerako luzean baina, Gorka Aranberri patroiak zuzenduta, Bou Bizkaia-k aurrea hartzea lortu zuen. Hala ere, lan erditan, eskifaia bermeotarrak (10.13) bi segungoko aldea zuen Zierbenarekiko, hau da, traineru bat baino gutxiagoko aldea. Atzetik ziren Hondarribiako (10.36) eta Pasai Donibaneko (10.50) traineruak.
Estropadaren bigarren zatian lortu zuten Zabalaren mutilek kronometroan tartea zabaltzea. Bermeotarrak indartsu zeuden, eta hala erakusten zuen hirugarren luzean arraunean jarritako potentziak. Hirugarren balizara iristean, aldea zazpi segundokoa zen. Laugarren luzean, berriz, estropada guztiz hautsi beharrean, bermeotarrak indarrak gorde eta aldea mantentzera mugatu ziren. Galipoak atzetik aurrerako lana egiten saiatu ziren azken luzean, baina Bou Bizkaia sendo mantendu zen. Estropadaren 5.556 metroak 20.48,14ko denboran egin zituen Bermeok, Zierbenak baino 9 segundo arinago. Podiuma Hondarribiak osatu zuen (+53”): Ama Guadalupekoa-k 21.41,12an gelditu zuen erlojua.
Lugañene, nagusi.
Bermeotarrek egin bezala, denboraldiaurreko hiru txapelketak poltsikoratu ditu Donostiako Arraun Lagunak taldeak. Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketatan bere nagusitasuna erakutsi eta gero, asteburuan Kontxan lehiatutako estropadan Euskotren Ligarako hautagaitza sendoa aurkeztu zuten. Estropada berezia izan zen, arraunlariek normalean egiten duten lanaren bikoitza egin behar izan zutelako: ligan zein gainontzeko txapelketetan bi luze egiten dituzte, asteburuan, berriz, lau luze egin zituzten, hau da, 5.556 metro.
Lugañene-k lehen segundotik nagusitasun nabaria erakutsi bazuen ere, hirugarren luzean lortu zuen estropada guztiz haustea eta bigarrenarekiko, Orio Arraunketa Elkartearekiko, aldea 10 segundutik gora zabaltzea. Hala, Arraun Lagunek 24.18,82ko denboran burutu zituzten lanak, oriotarrek baino 28 segundo azkarrago. Club de Remo Kaiarriba, Donostiarra, sailkatu zen hirugarren, estropada buruarekiko minutu bateko aldeagaz (25.18,52).