Maddi Aiestaran ere Argi Baltza sariketako finalean egongo da
Argi Baltza sariketako bigarren kanporaketan gailendu zen domekan (ekainak 9) Maddi Aiestaran, eta ekainaren 29an lehiatuko duten finalean egongo da. Azken saioa Mendatako Zarrabentan izango da.
Ajangizko frontoian giro epelean elkartu ziren bertsozaleak domekan (ekainak 9), Argi Baltza sariketako bigarren kanporaketaz gozatzeko. Beñat Bilbao eta Janire Arrizabalaga gernika-lumotarrak, Xabat Illarregi, Irantzu Idoate, Maddi Aiestaran eta Paule Loizaga aritu ziren bertsotan, eta denen artean Aiestaran nagusitu zen.
Saio estua izan zen domekakoa, 190,5 puntu lortuta irabazi baitzuen kanporaketa Aiestaranek, baina bera baino puntu bat gutxiagogaz bakarrik geratu zen Illarregi: 189,5 puntu eskuratu zituen. Idoate ere ez zen lehen bi postuetatik urruti ibili, 185 puntu bildu baitzituen guztira, eta hirugarren lekua eskuratu zuen. Bi puntu gutxiagogaz —183 puntugaz— geratu zen Bilbao, eta 180,5 eskuratu zituen, aldiz, Arrizabalagak. Loizagak, berriz, 175 puntu jaso zituen.
Mikel Retolaza izan zen saioa gidatzeaz arduratu zena, eta “oso parekatua” izan zela azaldu dute arduradunek: “Zorionak Maddiri, baita besteoi ere, saioa oso parekatuta joan da-eta”.
Emaitzak hala, Aiestaranek ekainaren 29ko finalean egoteko txartela dauka, eta bertan ariko da Galarzagaz —lehenengo saioko irabazlea— batera.
Azkena, Mendatan.
Saio bakarra geratzen da, eta finalerako postu guztiak betetzeke daude. Hala, domekan (ekainak 16) Mendatako Zarrabentan 18:00etatik aurrera lehiatuko duten hirugarren kanporaketara bertaratzeko deia egin diete Lilibertsokoek bertsozaleei. Bertan ariko dira Koldo Gezuraga muxikarra, Iker Uriarte bermeotarra, Izaro Bilbao, Eli Pagola, Iruri Altzerreka eta Peio Molinueno.