Irati Etxarrik bere mailarik onena erakutsi nahi du Lointek Gernika Bizkaian
Nafarra Uni Gironatik dator Etxarri, eta Gernika-Lumoko taldearen laugarren fitxaketa da. Lucas Fernandezek nabarmendu du Lointek Gernika Bizkaiak "lehen mailako" jokalari bat fitxatu duela.
Irati Etxarrik Lointek Gernika Bizkaian jokatuko du datorren denboraldian. Nafarra Uni Gironatik dator Gernika-Lumoko taldearen laugarren fitxaketa.
Lointek Gernika Bizkaiako kideek diotenez, azken urteetan lesio larriak izan dituen arren, Etxarri Emakumezkoen Endesa Ligako “etorkizun oparoena” izan dezakeen jokalaririk onenetarikoa da. Araskin debutatu zuen lehen mailan, baina bere mailarik onena Cadi La Seu taldean erakutsi zuen, 2021-2022 denboraldian txapelketako Espainiako jokalaririk onenaren saria jaso baitzuen; urte horretako ligako bosteko onenean ere sartu zuten, bataz beste 13,9 puntu eta 8,2 errebote lortu baitzituen.
Egindako lan on horri esker, Uni Gironara joan zen, baina lesioek ez zioten bere maila ematen utzi. Hala, Lointek Gernika Bizkaian bere mailarik onena zein den erakutsi gura du. Azken denboraldian, liga erregularreko bederatzi partida jokatu ditu, eta 3,9 puntu eta 2,9 errebote eskuratu ditu, bataz beste.
Liga erregularrean jokatzeaz gain, Espainiako Selekzioarekin ere aritu da gaztetatik: 2021ean hautatu zuten lehen aldiz lehen talderako, eta Israel eta Eslovaniako Eurobasketerako sailkatzeko kanporaketak jokatu zituen.
Etxarrik dio “gogo asko” dituela Malosten aritzeko: “Orain arte, fitxaketa iragarri arte, klubaren maitasun eta elkartasuna jaso dut. Benetako talde bat eraiki gura dugu, jokalari bakoitzak berea sentitzen duen talde indartsu bat. Eta nik ere nire mailarik onena erakutsi gura dut”.
Lucas Fernandezek nabarmendu du Lointek Gernika Bizkaiak “lehen mailako” jokalari bat fitxatu duela. “Egonkortasun handia eman dezakeen jokalaria da, bai egunerokotasuneko lanean, bai lehiaketan, bai kantxako bi aldeetan”, azaldu du entrenatzaileak, eta ziurtatu du Etxarrik beste jokalariei “asko” lagunduko diela.
Lointek Gernika Bizkaiako laugarren fitxaketa da, eta dagoeneko zazpi jokalarik osatzen dute datorren urteko denboraldia: Itziar Ariztimuño, Kendra Chery, Marta Alberdi, Laura Westerik, Ane Olaeta, Maya Dodson eta Etxarri bera.