'Hona Bostekoa!' komiki erakusketa Ajangizera ailegatu da
Geuretik Sortuak ekimenaren fruituak ugariak dira, eta horren erakusgarria da Ajangizera ailegatu berri den Hona Bostekoa komiki erakusketa. Atzotik (ekainak 10) barikura (ekainak 14) bitartean egongo da ikusgai kultur etxean, 16:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegian.
Aurtengo Geuretik Sortuak dinamikako berritasuna, hain zuzen ere, komikigintza izan da; lehendabiziko aldian literatura, antzerkia eta zinema landu zituzten. Hala, berritasun honen emaitza ikusi ahalko da Ajangizen. Bertaratzen direnek bost komikilarik idatzitako komiki bilduma ikusi ahal izango dute; idazleetako bakoitza Euskal Herriko herri batean egon da komikia lantzeko, eta ostean denak elkartuta argitaratu dute bilduma. Hala, Unai Gaztelumendi Leitzan eta Berastegin egon zen Harresia idazten; Eñaut Aiartzaguena Amasa-Villabonan, Gure Basoak idazten; Kote Camacho de Miguel Bergaran, Txillardegi Bergaran lantzen; Aritz Ibarra Sara, Beran, Lesakan eta Urruñan, Aldaxka pozoituak idazten; eta Iñaki Mariarena ‘Mattin’ Usurbilen, Handantza idazten.
“Leku horietako istorioak entzun, ikusi eta biltzeko egonaldiak egin dituzte komikilariek, sortzaileen lanak herriko historioagaz lotu ahal izateko eta sortzailearen eta herriaren arteko zubi bat eraikitzeko”.
Liburua erosteko aukera ere badago bertan.