Aldundiak Gernikako Elkartegiko gune bat utzi dio Gurutze Gorriari
Bizkaiko Gurutze Gorriak Busturialdean egiten duen lanari sostengua eman gura izan dio aldundiak. Gurutze Gorriaren operazioetarako gune nagusia izango da, eta Dalia eraikineko instalazioak ordezkatu ditu.
Bizkaiko Foru Aldundiak Gernikako Elkartegiko 270 metro koadroko gune bat doan utziko dio Bizkaiko Gurutze Gorriari. Era horretan, ziurtatu gura dute entitateak aurrerantzean ere “eman eta hobetu” ahal izango dituela Busturialdean eskaintzen dituen zerbitzu eta laguntzak, horiek eragin zuzena baitute pertsona askoren ongizatean eta bizi kalitatean. Lokal berri hori Gurutze Gorriaren operazioetarako gune nagusia izango da, eta Dalia eraikineko instalazioak ordezkatu ditu.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Josu Peron Bizkaiko Gurutze Gorriko presidenteak eta Ana Hormaetxe Busturialdeko Mankomunitateko lehendakari eta gizarte zerbitzuen arduradunak lokal berria bisitatu dute gaur goizean (ekainak 10), lekualdaketarako lanak prestatzen zituzten bitartean.
Etxanobek adierazi du lankidetza honek “doako lagapena” inplikatzen duela, aldundiak Busturialdeagaz eta sostengu komunitarioagaz duen “konpromisoa” islatuz. Gehitu du gizarte ekimenarekiko lankidetza “funtsezkoa” dela aldaketa positibo eta iraunkorra sortzeko, eta kokapen horrek gune egokiagoa eskaitzen duela: “Gurutze Gorriak beharrei erantzuteko gaitasuna eta eraginkortasuna areagotu eta indartu ahal izango ditu eskualdean”.
Eskualdeko datuak.
Iaz, Gurutze Gorriaren Busturialdeko Eskualdeko Batzarrak 411 lagun artatu zituen, inguruko pertsonen bizi kaliteta hobeteko proiektuen bidez. Eskainitako zerbitzuen artean, nabarmentzekoak dira 223 pertsonaren beharrizanei emandako oinarrizko arreta, telelaguntza, herritarrak ibilgailu egokituetan garraiatzea, zailtasun sozialeko egoeran dauden emakumeekin lan egitea, adinekoen artean zahartze osasuntsua sustatzea, eskola errefortzua eta umeentzako jostailuen donazioa.
Lan horiez gain, Gernika-Lumoko Allende Salazar herri ikastetxeko jantokiko elikagai soberakinak kalteberatasun egoeran dauden pertsonen artean banatzen aritu direla nabarmendu dute. Era berean, Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin lankidetzan dihardutela esan dute, hainbat laguntza proiektutan.
Larrialdietan “berehala” erantzuteko ekipo (ERIE) bat du Euskadiko Gurutze Gorriak Gernikan, lehorreko-mendiko bilaketa eta salbamenduko eginkizunetarako. Ekipo hori aldez aurreko prestakuntza duten boluntarioez osatuta dago, eta erraz lokalizatzeko moduan eta prest egoten dira alerta jotzen duenerako.