Txapelak irabazteko azken lehia
Azken txanpan sartu da Gautegiz Arteagako Pala Txapelketa. Txapelen lehia horretan ariko dira etxeko jokalariak zapatuan, eta orain artekoari buruzko lehia "polita" izan dela adierazi dute.
Azken txanpan sartu da Gautegiz Arteagako lehenengo Pala Txapelketa. Finalaurreko guztiak jokatuta, finalen txanda izango da zapatukoa (ekainak 8), frontoian. Herriko klubeko ordezkariak egongo dira bertan, eta txapela lortzeko lehiatuko dute batzuek zein besteek.
Pala motzeko lehenengo mailan, Zabala eta Arroita Solaguren eta Maldonadoren aurka ariko dira. Garaipen sendoak iritsita ailegatzen dira bi bikoteak finalera, Solagurenek eta Maldonadok 40-23 garaitu zituzten-eta Ibañez eta Santoyo. Partida “ona” osatu zuten, hasieratik jokoaren erritmoa bizituz. “Maldonadok ezkerragaz nagusitasuna erakutsi zuen, eta nik, aukera nuenean, eskumagaz errematatzen nuen”, azaldu du Solagurenek. Atzeko koadroak ondo aurkitu zituen, Santoyo estutuz. Antolatzaileek nabarmedu dute Santoyo Madrildik etorri dela txapelketa jokatzera, eta egindako ahalegina eskertu diote.
Solagurenek eta Maldonadok ez dituzte aurkari errazak aurkituko finalean. Izan ere, Zabalak eta Arroitak 40-15 irabazi zuten Poblacion eta Eguiaren aurka. Sestaoko bikoteak “sekulako” partida egin zutela azpimarratu dute antolatzaileek, hasieran lortutako abantaila nabarmenduz: “13-0koagaz aurretik jarri ziren, eta besteak ez ziren bat ere fin ibili denfentsa lanetan”, azaldu dute. Zabalaren pontentziak min asko egin ziela nabarmendu dute.
Bera ari da aurrean desberdintasunak ezarri dituen pilotaria, txapelketa “bikaina” osatu baitu antolatzaileen berbetan, eta, ondorioz, eurak direla hautagai nagusiak adierazi du Solagurenek: “Final zaila dugu aurretik, baia gogotsu gaude. Ea partidu ona ateratzen den”.
Pala motzeko bigarren mailan, berriz, Larrinaga eta Santamaria Agirregoitia eta Martinezen aurka ariko dira.
Agirregoitiak eta Martinezek 40-27 irabazi zieten Elordui eta Urturiri. Etxekoek “zaila” zuten finalera sailkatzea, eta ondo lehiatu zuten arren, ez zuten finaleko txartela lortu. “Etxekoek golpez irabazi gura izan zuten partidua, baina getxotarrak defentsan ondo aritu ziren. Atzean Martinezek pilota denak eutsi eta akats gutxi egin zituen, eta aurrean, Agirregoitiak ondo errematatzen zuen, bai horma-bikoan, bai atzeko koadroak bilatzerakoan”, azaldu dute antolatzaileek.
Bigarren semifinalean, Larrinagak eta Santamariak 40-31 irabazi zieten Vildosola eta Valoyari; azken hori da klubeko ordezkaria. “Gallartakoek irabazi zuten. Txapelketa borobila egin dute, eta ez dute, momentuz, partidurik galdu”. Finala baino ez zaie falta, eta joko “ona” erakusten ari direla diote, finalaurrekoaren azken txapan “lasaitu” egin ziren arren. Final “gogorra” izango dela aurreikusi dute antolatzaileek.
Gomazkoen lehia.
Gomazko palako lehenengo mailan, Okamika eta Arrizabalaga Garcia eta Artarazen aurka ariko dira zein baino zein gehiago finalean.
Klubeko ordezkari Eskibel eta Sierrak 18-25 galdu zuten Garcia eta Artaraz Bizkaiko txapeldunen aurka. “Golpez Garciak pilota oso urrun jarri zuen, Sierrari eta Eskibeleri defentsa lana egitera behartuz. Gainera, Artarazek partidu guztian, akats gutxi egin zituen”, azaldu dute antolatzaileek. Partida zaila izan zen etxekoentzat, eta ligaxkan etxekoek Bizkaiko onenei irabazi zieten arren, mendekua hartu zuten Garciak eta Artarazek finalaren atarian.
Beste finalaurrekoan, indarrak parekatuta egon ziren, izan ere, Okamikak eta Arrizabalagak 25-24 irabazi zieten Larrinaga eta Meauriori. Hala, etxekoak finaletik kanpo geratu ziren. Norgehiagoka “bizia eta emozioz betetakoa” izan zela nabarmendu dute antolatzaileek: “22-24ko markagailuagaz aurretik ziren etxeko klubekoak, baina tanto bakarra falta zitzaien, eta ez zuten lortu asmatzea”. Hala Amorotoko bikoteak lehiatuko du finala, Bizkaiko txapeldunen aurka.
Bigarren mailan, Arrizabalaga eta Gonzalez Loizaga eta Abiñaren aurka ariko dira txapelaren lehian. Hala, lau pilotarietatik hiru etxekoak izango dira: Arrizabalaga, Gonzalez eta Abiña. Beraz, txapela etxean geratuko da.
Lehenengo finalaurrekoan, Arteagako jokalari Arrizabalak eta Gonzalezek bi puntuko abantailari esker lortu zuten finalera sailkatzea. Izan ere, 25-23 irabazi zieten Gomez eta Alzolari. Arrizabalagak jarri zuen erritmoa, eta dena egin zuen berak, bai akatsak, bai tantoak. “Hamar pilota baino gehiago galdu egin zituen, eta finalaurrekoetan hori egin eta partida irabaztea zaila izaten da, baina lortu zuten. Tentsioa azken unera arte presente zegoen kantxan, 23na berdindu baitzuten. Azken bi tantoak, baina, etxekoek egin zituzten”, azaldu dute antolatzaileek. Horrez gain, Gonzalezek atzeko lerroetan erakutsitako segurtasuna ere nabarmendu dute.
Bigarren partidan, Loizagak eta Abiñak 25-14koa ezarri zuten markagailuan, Erezuma eta Aberasturiren aurrean. Erezuma eta Aberasturi ziren faborito, euren taldean partida guztiak irabazi baitzituzten, baina finalaurrekoan ez zuten asmatu, eta klubeko ordezkariek kanporatu zituzten: “Golpez Loizagak agindu zuen, bai pilota atzeratzen, bai aurreko koadroetan. Erezumak eta Aberasturi, beraz, defentsa lanetan aritu ziren, eta erasotzerakoan ez zuten asmatu”.
Beteranoetan, berriz, Uriarte eta Bilbaok Ruiz eta Meleroren aurka lehiatuko dute.
Balorazioa.
Txapelketagaz “gustura” geratu dira bai antolatzaileak bai kirolariak. Pala motzeko lehenengo mailan klubeko ordezkari bat finelan egongo dela nabarmendu dute, Solaguren. Finala “gogorra” izango dela uste duten arren, txapela lortzen ahaleginduko dira. Ez zuten espero Arteagako ordezkariak pala motzeko lehenego mailako finalean aritzea, egon den maila kontutan hartuta. Hala, hori lortzea “pozgarria” izan dela nabarmendu dute.
Pala motzeko bigarren mailan, Gallartakoak eta Getxokoak jokoz gehiago izan dira, eta Arteagako ordezkariak finalera ailegatzea ez da posible izan, hori lor zezaketela pentsatu arren. “Atarian geratu dira, baina finalaurrekoetara ailegatu dira”. Beteranoetan, berriz, “sekulako ezustekoa” egon dela diote. Ruiz aurten hasi da palara jokatzen, eta Meleroren laguntzari esker finalean egotea lortu dute. Hala, pala motzeko hiru kategorietatik bitan Arteagako jokalariak presente egongo dira.
Pala goman, berriz, bigarren mailan klubekoek egindako lana nabarmendu dute: “Gure klubeko ordezkariak finalean daude, eta txapela etxean gertauko delako”.