Maya Dodson: konfirmaziorako urtearen bila
Pibot estatubatuarrak Lointek Gernika Bizkaiagaz duen hitzarmena berritu du, eta hurrengo denboraldian lantaldeko kide izaten jarraituko du.

Maya Dodson saskibaloi jokalari estatubatuarrak Lointek Gernika Bizkaiako jokalari izaten jarraituko du hurrengo denboraldian. Ipar-amerikarrak klubagaz zuen hitzarmena berretsi du, 2024/2025 sasoirako. Pibotak, horrenbestez, bere bigarren denboraldia egingo du taldean, iazkoaren erdialdean iritsi baitzen Gernika-Lumora, denboraldiaurrea baino lehen oineko lesio bat jasan zuelako. Dodsonen berritzeagaz, klubak bost jokalari ditu ziurtatuta hurrengo urterako: Itziar Ariztimuño, Kendra Chery, Laura Westerik, Marta Alberdi eta Ane Olaeta gernika-lumotarrak, eta pibot ipar-amerikarra.
Gaur-gaurkoz, Lointek Gernika Bizkaiak bost jokalari konfirmatuta ditu hurrengo denboraldirako
Estatubatuarrarentzat, konfirmatze urtea izango da hurrengoa, iaz kostatu egin zitzaiolako erritmoa hartzea. Hala ere, bere gaitasunak erakusteko denbora izan zuen: ahaztezina izan zen Casademont Zaragozaren aurkakoan eman zuen erakustaldia, taldea garaipenera gidatu baitzuen. Hurrengo denboraldian, lesiotik erabat berreskuratuta eta taldeagaz hasieratik egonda, bere benetako maila erakutsi ahalko du. Iaz, 16 partidutan 17 minutu jokatu zituen bataz beste, 4,6 puntu eta 3,8 errebote poltsikoratuz.
Maya Dodson: “Iaz ezin izan nuen nire benetako maila erakutsi, lesioengatik”
Dodsonek “ilusio handiz” hartu du elastiko granatea defendatzen jarraitzeko aukera: “Iaz ezin izan nuen nire benetako maila erakutsi, lesioengatik. Edozelan ere, uste dut Lointek Gernika Bizkaia hobetzen jarraitzeko leku aparta dela, marea granatearen berotasunean”.