Euskarari esker jende berria ezagutuz
Mintzodromoak euskaraz "lasai eta eroso" hitz egitea bilatzen du. Hamar lagun hurbildu dira Berbalagunek antolatutako ekimenera, eta egunerokotasuneko gaietaz hitz egin dute.

Euskaraz lasai eta eroso hitz egiteko aukera eskaini du Gernika-Lumoko Berbalagunek antolatu duen Mintzodromoak. Kultur etxean jarri dute hitzordua gaur [ekainak 7], 11:00etan, “euskaltegiko, Berbalaguneko eta barnetegiko ikasleak batzeko” helburuarekin.
Hamar pertsona hurbildu dira Berbalagunen deialdira, eta lau eta hiru pertsonatako taldeetan jorratu dituzte era guztietako gaiak. Hurbildutakoen gustukoak izan dira, eta euskararen bitartez jende berria ezagutzeko balio izan diela aitortu zuten; “oso gustura” egon dira.
“Ekimen hauen bitartez testuinguru desberdinetako lagunak batzea bilatzen dugu. Ikasturtean zehar euskara era akademiko batean erakusten dugunez, Mintzodromoaren bitartez gure hizkuntza era informalago batean zabaltzea dugu helburutzat”, azaldu dute antolatzaileek.
Euskara ikasten dabiltzanak hurbildu badira ere, euskaldun zaharrak ere izan dira kultur etxean. Mintzodromoa azken horientzako ere interesgarria dela uste dute antolatzaileek. “Beste euskalki batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen dute, iparraldekoa bereziki. Doinu desberdinak entzuteaz gain, bertako hitzak ikasteko era bat izan daiteke”.
Proposatutako gaien artean izan dituzte bidaiak, ikus-entzunezko kontsumo ohiturak edo zinema. Denentzako “erosoak»”izan daitezken gaiak proposatzeaz gain, “egunerokotasunean” hitz egiten diren gaietaz hitz egitea gura izan dute Berbalagunekoek. Gainera, solasaldien bitartez iparraldeko eta hegoaldeko testuinguru eta ohitura desberdinak ezagutu daitezkela uste dute.
Hitz egiten ikasten da.
Barnetegiko ikaslea den Baptiste Carriere eta euskaltegiko ikasle Monica Blanca izan dira Mintzodromoan hurbildutako batzuk. Bien iritziz, hitz eginez ikasten dira hizkuntzak, eta gaurko ekimena eurentzat “oso garrantzitsua” dela nabarmendu dute.
Carriere urrian heldu zen barnetegira, eta hilabete hauetan zehar euskara ikastea lortu du. Txikitan lehen pausuak eman bazituen ere, ahaztuta izan du, eta barnetegiari esker dominatzen du hizkuntza. Euskara menderatzeko hitz egin beharra dagoela uste du.
Blancarentzako “euskaraz eroso hitz egiteko txokoa” izan zen Mintzodromoa. “Herriko kaleetan euskaraz egiterakoan, arraro begiratzen didate euskara batuan egiteagatik. Asko eskertzen ditut horrelako testuinguruak“.