Ernaik Busturialdearen orainaz eta etorkizunaz hausnartzea sustatuko du
Kolektiboki gogoetatzeko beharra azpimarratu dute. Hiru hitzaldi eta mobiliziazioa prestatu dituzte egunotarako. Etxebizitzak, lan eskubideak eta osasuna landuko dituzte.
Busturialdeko orainaz eta etorkizunaz kolektiboki gogoetatzeko beharra dagoela oinarri hartuta, hiru hitzaldiko zikloa eta mobilizazio bat prestatu ditu Busturialdeko Ernaik hurrengo egunetarako. Izan ere, egungo eredu neoliberalaren aurrean, “duintasunez lan eta askatasunez bizitzeko” hautua egin gura dute, «gehiengo soziala» direlako. Gazteentzako eskualde duina gura dutela adierazi dute, eta mobilizazioa antolatu dute hori aldarrikatzeko: ekainaren 20an, Gernika-Lumon.
Ernaiko kideek diote kontzientziak piztu, buruari eragin eta kaleak aktibatzeko garaia dela, eta, horregatik, antolatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Izan ere, azken urte eta erdian, Guggenheim Urdaibaik eskualde ereduaren inguruko eztabaida pil-pilean jarri duela diote Ernaikoek, lehenagotik Gaztelugatxeren aferak mahaigaineratu zuen auzia izan arren. “EAJk turismo masiboa bultzatu gura du Busturialdearen motore ekonomikoa izan dadin, eta ordutik hala saldu dute euren proiektu izarra: urtean 140.000 turista ekarriko lituzkeen museoa”, azaldu dute Ernaikoek.
Dimentsio horretako proiektu baten eragina “agerikoa” izan daitekeela diote, batez ere eskualdeko gazteen lan eta bizi baldintzetan. Hain zuzen ere, dinamika horren bitartez, eskualdearen orainaz eta etorkizunaz eztabaidatzeko tartea hartu gura dute, baita kaleak hartzekoa ere.
Hala, hiru gai nagusi jorratu gura izan dituzte oraingoan: ostalaritzako lan baldintzei buruzko gaia, etxebizitzaren problematikan turistifikazioak duen eragina eta osasungintza. Gaur egun pil-pilean dauden gaiak dira, eta horiei buruz hausnartzeko beharra dagoelako prestatu dituzte jardunaldiok. Hala, eskualdeko hiru udalerritan egingo dituzte saioak: Foruan, Mundakan eta Gernika-Lumon.
Ekainaren 7ko hitzaldian, Gernikako Harizpe txokoan, ostalaritzako lan-eskubideen inguruan hitz egingo dute. “Gazteok lan-merkatuan funtzio konkretu bat dugu: lan-indar merkeena gara, prekarizatua, eta oso ohikoa da lan-kontraturik gabe behar egitea”, adierazi dute, horretan sakonduko dutela esanez.
Ekainaren 11n, Mundakako Tribisarrope kultur etxean, Urdaibairen turistifikazioa eta etxebizitza-auzia jarriko dituzte jopuntuan. Izan ere, pisu-turistikoek eta etxebizitzaren gaineko espekulazioak “alokairuaren prezioen gorakada” dakartela diote, “gazteon emantzipatzeko ezintasuna handitzen duena”.
Ekainaren 19an, Foruko Haitzbiribil elkartean, Busturialdeko osasungintzaren egoera ikertuko dute.” Osasuna bera eta era duinean artatua izateko eskubidea kolokan daude, eta orain arteko kudeaketa tamalgarri horrek urgentziazko inbertsioa exijitzen du”, esan dute.
Datuak
Jokoan dagoena eskualdearen «norabidea» dela azpimarratu, eta Busturialdean kokatu gura duten Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurka egin dute. Ez dute sinisten horrelako proiektu batek eskualdeko arazo sozioekonomikoak konponduko dituenik, ez eta ingurumena errespetatuko duenik ere, eta zenbait datu kaleratu dituzte euren arrazoiak justifikatzeko.
Jakinarazi dutenez, Busturialdeko herritarren %70ak eskualdetik kanpo lan egiten du, eta %15,5ekoa da langabezia tasa bertan. Industria jardueraren beherakada ere aitatu dute gazteek, azken hamar urteetan jarduera %11,7 jaitsi dela zehaztuz.
Busturialdean, gainera, fauna eta floragaz zerikusia duten 85 espezie galzorian daudela gogoratu dute. Ingurumenari erreparatuta, %75,7koa da pinu eta eukalipto kopurua, eskualdeko basoetan. Guzti horrek eta egiten den uraren kudeaketak ur murrizketak eragiten dituela azpimarratu dute, batez ere udan.
Produktu lokalaren kontsumoa ere murritza da eskualdean, bertan ekoizten den %4 jaten delako. Horrez gain, euskararen kale erabileraren urtez urteko jaitsierak ere kezkatzen ditu, «%33,3k egiten dutelako kalean euskaraz berba».
Arazo horiek Guggenheim Urdaibaik konponduko dituen galdetuta, ezetz uste dute Ernaikoek, eta kostaldea babesteko eremua 100 metrotik 20 metrotara murriztu izana salatu dute.
Hori dela eta, Busturialdeko herritarrek etorkizuneko eskualdean pentsatu eta eraikiko dutela oinarri hartuta, mobilizatzera deitu dituzte: “Herritarrok gara subjektu aktiboa, bereziki gazteak. Bizi proiektu duin bat gauzatzeko ezintasunaren aurrean, badago herri sektore ezberdinak batzeko, borrokatzeko eta gurea dena defendatzeko aukera. Ez gaude prest ez Urdaibai, ez Busturialdea elite pribatuen esku uzteko”.
EGITARAUA
Bihar, ekainak 7
19:00. Gernika-Lumoko Harizpen, Zeintzuk dira gure lan eskubideak ostalaritzan hitzaldia.
Martitzena, ekainak 11
19:00. Mundakako Tribisarrospen, Urdaibairen turistifikazioa eta etxebizitza auzia hitzaldia.
Eguaztena, ekainak 19
19:00. Foruko Haitzbiribil txokoan, Zelan dago osasungintza gure eskualdean? hitzaldia.
Eguena, ekainak 20
19:30. Gernikako Merkuriotik, mobilizazioa, Busturialde duina gaztiontzat lelopean.