40 urteko ibilbidea ospatuko dute Azokan
Berton Bermeo elkarteak Expo Azoka antolatu du. Elkartearen sortzaileak omenduko dituzte asteburuan.
Bermeoko Txiki Erdi Enpresen Elkarteak, Berton Elkarteak bere 40. urteurrena ospatzeko Expo Azoka antolatu du astebururako. Gaur hasi eta domekara bitartean era guztietako ekintzak izango dira Lameran. Expo Azoka horren helburua da “bazkide diren komertzioek, beteranoek zein sartu berriek, eskaintzen dituzten kalitatezko zerbitzu eta produktuak herriari erakustea: artisau produktuak, osagarriak, hainbat motatako zerbitzuak, teknologia, zaintza pertsonala…”, azaldu dute.
Gaur 17:00etan ekingo diote asteburuari, eta umeentzako kirolak izango dira lehenengo eguneko protagonistak. Zapatuan eta domekan, ostera, elkarteko bazkide diren enpresen erakustaldiak izango dira nagusi. Gainera, egunero izango dira Gastrogunea, Txikigunea eta photocall-a.
Omenaldiak izango dira.
Elkarteko sortzaileak eta bazkide izandakoak omenduko dituzte azokan. “40 urteko ibilbide luzea ospatu nahi dugu gure artean zein herritarrekin. Horrela, Bermeoren eta merkataritzaren arteko harremana bultzatu gura dugu”, adierazi dute.