3 RFEF Mailan jokatu nahi duen lagun taldea
Bermeo Futbol Taldeak 3 RFEF mailara igotzeko aukera lortu du denboraldi aparta egin ostean. Horretarako, domekan garaipena lortu beharko du Gasteizko Aurreraren aurka, Gasteizen.

Athletic Euskal Herriaren erakusgarri den bezala, Bermeo Futbol Taldea Urdaibairen erakusgarri da. Zazpi bermeotarrek, hamalau gernikarrek, muxikar batek eta ajangiztar batek osatzen duten taldeak 3 RFEF mailara igotzeko aukera eskuratu du denboraldi aparta osatu ostean.
2019an Hirugarren Mailatik Ohorezko Mailara jaitsi ondoren, Itxas Ganekoek aurton berreskuratu dezakete maila. Horretarako, Gasteizko Aurreraren aurkako partidua irabazi beharko dute. Horrez gain, Aretxabaletaren eta gasteiztarren aurkako partiduaren zain egon beharko dute: Aurrerak irabaziz gero, Bermeo igoko litzateke, eta Aretxabaletak irabaziko balu, Beasain edo Portugalete 2RFEF mailara igo beharko lirateke Bermeo ere 3 RFEF maila igotzeko.
Igoera lortzeko ligaxkaren lehenengo jardunaldian Bermeo eta Aretxabaleta izan ziren aurrez aurre zapatuan, Itxas Ganen, eta 90 minutuko gudaren ostean, markagailua ez zen mugitu: 0-0. Gorriek bazekiten ez zela partidu erraza izango, eta are gutxiago lehenengo minutuan Paul Goikoetxeak izandako lesioaren ostean. Lehenengo 45 minutuetan ez zen abagune argirik izan, eta partidua bigarren zatian erabakiko zela zirudien. Etxekoek, gainera, beste ustekabeko bat izan zuten: Gari Txurrukaren lesioa.
Behartutako aldaketa biak egin ostean, bermeotarrak partiduaren bila atera ziren bigarren zatian. Baina, ez zuten denboraldiko partidurik borobilena egin, eta markagailuan hutsekoagaz bukatu zuten norgehiagoka. Playoffetako ligaxkako partidu amaieretan jaurti beharreko penaltietan, ostera, galdu egin zuten. Horiek, baina, talde biek sailkapenean berdinduta bukatzen badute bakarrik hartuko dira kontutan.
Lehenengo koskan garaipena lortu ez arren, taldeko kapitain Carlos Uriarte harro dago Itxas Ganen emandako irudiagaz. “Beti bezala, partidua irabaztera zelairatu ginen. Hala eta guztiz ere, talde on bat izan genuen aurrean, eta partidu itxi batekin egin genuen topo. Golik ez sartzearen penagaz amaitu genituen 90 minutuak, baina egindakoagaz harro amaitu genuela esan genezake”, azaldu du kapitainak.
Asier Goienetxea da Bermeoko liderretako bat. Joan den astean garaipena lortu ez arren, igoera euren eskuetan dagoela sinesten du, eta Gasteizen ere hiru puntuen bila zelairatu behar direla argi daukate denek. Aurkariari dagokionez, talde “oso ona” dela dio. Baloia ondo jokatzen duen taldea da gasteiztarra, baina bermeotarrek “euren jokoa” eginez gero, irabazteko aukerak dituztela berresten du.
Carlos Uriarte: “Defentsan sendo egonda, eta aukerak baliatuta, garaipena posible da“.
Uriartek ere domekakoa partidu gogorra izatea espero du: “Gol asko sartzen dituen taldea da Aurrera; talde boteretsua da. Gainera, Olaranbeko zelaia oso handia da. Hala ere, bedar naturalezko zelaia da, eta hori baliatu behar dugu gure mailarik onena ateratzeko orduan. Defentsan sendo egonda, eta aukerak baliatuta, garaipena posible da”.
Ibai Pujol entrenatzaileak ere neurketa “oso gogorra” espero du. Aurkaria iaz 3 RFEF mailan jokatzetik dator, eta talde hartatik hainbat jokalari mantentzen dituela gogoratu du hautatzaileak. Aste bitarteko lanak eginda, domekarako “gogotsu” daudela aitortu du.
Behetik gorako bidea.
2023-2024 denboraldian zehar, atzetik aurrerako bidea egin du Bermeok. Urte hasieran taula erdi partean ibili baziren ere, jardunaldiek aurrera egin ahala, taldea sendotzen joan da, eta denboraldi amaiera ezin hobea osatu dute: azkenengo bederatzi partiduetan ez dute porrotik jaso. Gainera, Itxas Ganetik kanpo erakutsitako maila ere aparta izan da. Ohorezko Mailako bisitari onena izan da; 30 puntu eskuratu dituzte etxetik kanpo. Horrela, beraz, Gasteizen irabazi dezaketela sinesteko arrazoiak dituzte.
Eneko Basaldua: “Talde honen gauzarik onena eta politena egunerokotasunean dugun giroa da. Entrenamenduetan zein partiduetan sortzen den testuinguruak eraman gaitu igoerako ligaxka jokatzera“.
Talde batek horren maila ona ematen duenean, zaila izaten da arrazoiak zeintzuk diren jakitea. Talde horretako jokalariek, baina, oso argi dute sekretua: aldagela dagoen giro ona. Eneko Basalduak horrela deskribatu du taldekideen arteko giroa: “Talde honen gauzarik onena eta politena egunerokotasunean dugun giroa da. Entrenamenduetan zein partiduetan sortzen den testuinguruak eraman gaitu igoerako ligaxka jokatzera. Talde honen gakoa aldagelan dago; denok gara denon lagun, eta denok defendatzen dugu elkar”. Uriartek ere gauza bera uste du, eta harreman berezi horren arrazoia zein den ere azaldu du: “Gutariko askok urteak daramatzagu elkarrekin jolasten, eta horrek sortzen du giro hori”.
Ibai Pujol: “Aldagela oso alaia da. Ondo baino hobeto dakite noiz den txantxerako momentua, eta noiz seriotasuna mantentzekoa”.
Pujol ere jokalariek nabarmendutakoarekin geratzen da. “Aldagela oso alaia da. Ondo baino hobeto dakite noiz den txantxerako momentua, eta noiz seriotasuna mantentzekoa”. Egoera ikusita, datorren denboraldian jarraitzeko asmoa duela onartu du.
Bermeotar kuadrilla.
Bermeo Futbol Taldea beti saiatzen da lehen taldean bermeotarren presentzia bermatzen. Aurton ere horrela egin dute, eta horietako batzuk finkoak izan dira urte guztiko hamaikakoetan. Eneko ez da taldeko Basaldua bakarra. Bere anai Gotzonen ustez, herritar talde horrek garrantzi berezia izan du taldearen errendimenduan. Bermeoren kokapena dela eta, badaki zaila izaten dela jokalariak fitxatzea, eta bermeotarrek duten “izaera berezi” horrek taldeari asko ematen diola uste du. Bere anaiak ere gauza bera uste du, eta zelaitik kanpo jarraitzaile bermeotarrek izan duten garrantzia nabarmendu nahi izan du. «Urtean zehar sarritan bete dute Itxas Gane, eta euren laguntza behar izan dugunean, bertan izan dira», goraipatu ditu zaleak.
3 RFEF mailan jokatzea lortuko balute, poztasuna gailenduko litzateke Bermeon. Gotzonentzat, aldiz, «poztasuna» baino “askapen antzeko” zerbait izango litzateke. Izan ere, Basalduatarrak Ohorezko Mailara jaitsi zen taldearen parte izan ziren, eta taldeak “merezi duen mailara” igotzea “egin beharreko zerbait” dela uste du.
Igoera lortu edo ez, taldeak oso argi dauka ospatu beharreko denboraldia osatu dutela. Hori dela eta, datorren asteburuan Logroñora joango dira asteburu eder bat pasatzera.