Urteroko egitarau zabalagaz dator XIII. Muxikako Gazte Eguna
Goizeko 11:00etan hasita, egun guztirako egitaraua prestatu dute Muxikako gazteek. Gauean, Txoriburu Produkzions, Kuter, Xiberoots, Altxa Porru eta Dj Oier Mendizabal izango dira.
Eskualdeko zein inguruetako juergazale askoren erreferentziazko plaza bihurtu da Muxikako San Roman auzoko ermita ingurua. Muxikako gazteek hamairugarren urtez antolatu dute Muxikako Gazte Eguna, eta urtero legez, egitarau zabala prestatu dute. Antolakuntzatik azaldu dutenez, arrakastatsua den egitaraua errepikatzeko erabakia hartu dute aurton ere, aurrerago berrikuntzaren bat gehitzea baztertzen ez badute ere.
Egun eta gau osoko egitarau batek eskatzen duen bezala, muxikar gazteak hilabete luzez ibili dira herriko gazteen zitarik garrantzitsuena prestatzen. Aurton, gainera, belaunaldi aldaketa eman da antolakuntza taldean, eta urteetan antolakuntza lanetan ibili direnek albo batera pausoa eman dute, laguntzen jarraitu duten arren.
Jaietan ohitura den legez, txupinaren jaurtiketan emango dio hasiera jai egunari. 11:00etan jarri dute hitzordua, eta Oxygastra Curtisi taldekoak hautatu dituzte zeregin horretarako. “Pandemia ostean hasi ginen txupineroak aukeratzen; ordura arte guk jaurtitzen genuen. Hautatzeko orduan, herriko pertsona edo talde esanguratsu bat aukeratzen saiatzen gara. Aurton, herriko adin desberdinetako emakumeek osatzen duten Oxygastra Curtisi aukeratzea erabaki dugu. taldearen 10. urteurrena ospatzen dute aurton, eta taldeko emakumeek egunean zehar zein gauez lagunduko digute. Beti daude laguntzeko prest”, azaldu dute antolatzaileek.
Egunari hasiera emanda, 11:15ean paella txapelketan izena emateko aukera zabalduko dute, eta 12:00etan Baso Txoritxu dantza taldekoek dantzatuko dute ermita inguruan. Ostean, Kittu erromeriakoek girotuko dute ingurua, 13:00etatik aurrera.
Kittukoen doinuekin lehenengo izerdi tantak bota ostean, tripak betetzen hasteko txanda iritsiko da. 15:00etarako aurkeztu beharko dira paellak, eta epaile adituenak ordu erdiz artelan horiek dastatzen ibili ostean, 15:30ean hasiko da bazkarirako ordua.
Indarrak hartuta, eta kaferako orduarekin batera, bingo musikatuan jolastuko dira hurbildutakoak; irabazleek sariak izango dituzte. Tradizioekin jarraituz, 17:30ean kuadrilla arteko olinpiaden txanda izango da, eta frogak oraindik zehazteke dauden arren, aurton ere herri kirolekin lotutakoak izango direla aurreratu dute. Gainera, ez da faltako landan bera jaurtitzen duten gazta. Jaurtitakoa harrapatzen duen lehenengoak eramango du altxorra etxera.
Herrian bertsotan.
Muxika herri bertsozalea den heinean, ezin zen bertso saiorik falta egitarauan. 19:30ean hasiko da saioa ermita barruan, eta herriko bertsolariak izango dira protagonistak: Onintza Enbeitak, Koldo Gezuragak eta Asier Galarzak kantatuko dute.
Egunean zehar ere musika presente egongo den arren, gauean begirada guztiak bereganatuko ditu zuzeneko musikak. Aurton ere goi mailako taldeak oholtzaratuko dira San Romanen. Busturialdeko Txoriburu Produkzions eta Kuter izango dira eszenatokira igoko diren lehenengo taldean, eta ostean helduko dira Xiberoots, Altxa Porru eta Dj Oier Mendizabal.
Gonbidatutako taldeak hautatzeko orduan azkenengo urteetako irizpide berdina jarraitu dute antolatzaileek. “Lehenik eta behin, eskualdeko talderen baten presentzia bermatzen saiatzen gara. Aurton, bi izango ditugu: Txoriburu eta Kuter. Gero, antolakuntza taldean gaudenon artea ideia sorta bat osatzen dugu, eta horien artean bozka gehien dituena hautatzen dugu; aurton Xiberootsek izan ditu bozka gehien. Iaz Zetak izan genuen, eta aurtengoek izen gutxiago duten arren, jende tropela hurbiltzea espero dugu. Ez gara horren beldur”, adierazi dute antolatzaillek.