Txistu doinuek Elantxobe hartu dute
Busturialdeko V. Txistularien Eguna ospatu zuten atzo (maiatzak 26) Elantxoben, eta giro bikainean elkartu ziren txistulariak. Egunaren balorazio "oso ona" egin dute antolatzaileek.
Txistu doinuek hartu zuten atzo (maiatzak 26) Elantxobe. V. Txistularien Eguna ospatu zuten kostako herri txikian, eta herri horretan adierazgarriak diren aldapetan kalejira egin zuten bertaratutako 60 txistulariek. Goitik beherako bidea osatu eta herriko kaleak doinuz jantzi zituzten. Hala egunaren balorazio “bikaina” egin dute antolatzaileek: “Poz-pozik ibili ginen guretzako topagunea den egunean. Balorazioa oso ona da”.
Izan ere, bosgarren ekitaldia da aurtengoa, txistuaren kultura lagunarteko giroan sustatzea helburu duena. Aurten, euren eguna elkargunea izateaz gain, gazteetan jarri dute begirada, horiei txistua gerturatu gura baitie. “Gazteen saretzea bilatzen dugu, ze ez daude asko. Hamar txistulari gazte inguru bertaratu ziren Elantxobera, baina instrumentua are gehiago bultzatu gura dugu”, onartu dute antolatzaileek. Hala, Txistularien Eguna aproposa dela sareak sortzeko uste dute, ezagutzen ez ziren txistulariak hartu-emanetan jartzeko.
Urtero-urtero Busturialdeko udalerri batek hartzen du eguna, eta kalejiran 60 lagunek parte hartu zuten arren, festak ez zuen etenik izan, 40 bat lagun geratu baitziren Elantxoben jaten.
Datorren urtean Sukarrietara joango dira, eta hori apirilean egitea aurreikusi dute.
Argazkiak: Txebi Arriaga.