Irene Montero: "Euskal eskuinak, euskal sozialismoaren isiltasunarekin, lurralde hau kaltetzea defendatzen du"
Europako Hauteskunde kanpaina atzo hasi zuten, eta Irene Montero Podemoseko hautagaiak Urdaibai bisitatu du gaur goizean [maiatzak 24]. Bakearen eta Desarmearen Aldeko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela aipatuz hasi du agerraldia, Muruetan: “Lurralde honek Espainian lezio demokratikoa eman zuen, Espainiako estatua NATOn sartzeari ezetza ematean. Eta uste dut ekainaren 9an hemengo herritarrek bakea eta giza eskubideak defendatu behar dituztela, baita Palestinako genozidioa amaitzea ere, eta, horrela, berriro ere bakearen eta giza eskubideen defentsaren lezio demokratikoa eman”.
Urdaibain Guggenheim museoa eraikitzearen kontra dauden eragile eta herritarrei babesa erakutsi die, eta “makroproiektu horren kontra” daudela berretsi du: “Gaur, biosfera erreserba honetan gaude, toki hau defendatzen ari diren auzokide eta erakundeei babesa emateko. Euskal eskuinak, euskal sozialismoaren babesagaz, edo gutxienez isiltasunagaz, lurralde hau kaltetzea defendatzen du, paduren pribatizazioa dakarren Guggenheim batekin. Euskal gizarteak aurka egin behar dio”. Erakunde publikoetatik horrelako eremuak babestu eta zaindu behar direla azaldu du. Proiektua gelditu eta babes juridiko gorena eman behar zaiola adierazi du: “Kanpaina honek politika zintzoen kanpaina izan behar du. Alderdi sozialistaren sostengua daukan hemengo eskuinaren hipokrisia horren aurrean euskal gizartea errebelatu behar dela deritzogu”. Esku batekin eskubide berdeak eta klima aldaketaren kontrako borroka defendatzea eta bestearekin Urdaibaiko Erreserban egin gura duten Guggenheimea bezalako makroproiektuak defendatzea leporatu die.
Ultraeskuinaren mehatxua. Espainiako Gobernuko presidenteorde eta oraingo hauteskundeetan PSOEren hautagaia den Teresa Riberak egunkari bati eman berri dizkion adierazpenei buruz ere berba egin du Monterok. Arduratuta daudela esan du, alderdi sozialista ultraeskuinarekin “akordioetara heltzeko prest” agertu delako: “Giorgia Meloni abortuaren kontrako jarrera eta adierazpenengatik da ezaguna. Europan erabaki-guneen erdigunera ultraeskuina sartzeko aitzakia gerra izango dela ohartarazten ari gara. Eta uste dugu euskal gizartea bezalakoek bakearen aldeko apustu argia egiteko momentua dela, adostasun gerrazale hori hausteko apustua egiteko unea da. Izan ere, adostasun hori sozialdemokrazia ere ultraeskuinagaz akordioak defendatzera eramaten ari da. Meloniren alderdia haurdunaldiak borondatez eten aurretik, emakumeak euren fetuaren taupadak entzutera behartzen ari da, eta abortuaren kontra daudenak haurdunaldia etetea erabakitzen duten emakumeak jazartzea uzten ari da”.
Esan duenez, gizarteak “ezin du onartu” Europako erabakien bihotzean ultraeskuina sartzea, gerraren aitzakipean. Kontrara, herritarrek bakea eta eskubide gehiago behar dituztela azpimarratu du: “Europako aginteetan sartuta ez dugu ultraeskuina geldiaraziko, bakeagaz eta eskubide gehiagogaz geldituko dugu”.