Greenpeacek epaitegietara jo du, Guggenheim Urdaibaira zabaltzeko proiektuak Kosta Legea betetzen ez duela argudiatuta
Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu du.
Greenpeace erakundeak epaitegietara jo du, Bilboko Guggenheim Urdaibaira zabaltzeko dagoen proiektuak Kosta Legea betetzen ez duela argudiatuta. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen atzo [maiatzak 23], eta “ministeritzak atzera egitea” espero dutela adierazi dute erakunde ekologistaren ordezkariek. Gogoratu dute 2023ko urriaren 19ko Ministerio-Aginduak murriztu egiten duela gaur egun Astilleros Murueta SA dagoen kosta-zatiaren babes-zortasuna, 100 metrotik 20 metrora. “Epaitegietara jo dugu uste dugulako prozeduraren xede den Ministerio-Agindua Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 47. artikuluaren a), e), f) eta g) atalen pean erortzen dela. Instalazioak Urdaibaiko paduretatik 20 metrora eraikiko liratezke. Babestutako eremua da, balio ekologiko handia duelako, eta turistifikazioaren eragina jasango luke. Proiektuak bi egoitza eraikitzea planteatzen du, horietako bat Muruetako ontzioletan, nazioarteko babesa duten padurari irabazitako lurretan. Gainera, Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari esker, ontziolek ez dute lurzoruak deskontaminatzeko erantzukizunik”.
Lorea Perez Euskadiko Greenpeaceko bozermailearen hitzetan, biosfera erreserbak daukan babesa errespetatu behar da: “Espero dugu ministerioak atzerapausoa ematea eta Kostaldeen Legea betetzen ez duen ministerio-agindu hau kentzea. Urdaibaik Doñanaren ingurumen-balio bera du, eta haren babesa errespetatzea merezi du. Gainera, kostalde txikia dugu hain kontserbazio-egoera berezian. Herritarrek bezala, administrazioek eta justiziak babestu egin behar dute”.
Argudiatu duenez, proiektuak ez du zerikusirik itsas-lehorreko jabari publikoaren defentsarekin eta babesarekin, eta horrek, berez, Ministerio Agindua “balioagabe” uzten du. Greenpeacekoen iritziz, administrazioak ez du betetzen itsas-lehorreko jabari publikoa defendatzeko daukan betebeharra. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak inguruaren balio ekologiko handia aitortzen badu ere, “zortasuna zuzendu eta murriztu nahi” duela diote, “eremu horretako jabari publikoa babes-zortasunaren bidez babestu beharrean eta ontziolek okupatutako jabari horretako lurrak berreskuratu beharrean”. Era berean, salatu dute Ministerio-Aginduak ez duela egoki ezartzen Kosta Araudiaren 44.5 artikulua, “xedapen horrek ezartzen dituen baldintzak ez dituelako betetzen”.