Mende erdia ez baita egunero betetzen
Allende Salazar herri ikastetxeko 50. urtemuga jaialdia ospatzen ari dira gaur [maiatzak 18] Gernika-Lumoko Pasealekuan. 11:00etan hasi dute "danona" den jaia, eta gauera arte luzatuko da.
Mende erdiko bideari aitortza eta omenaldia. Allende Salazar herri eskolaren iragana, oraina eta etorkizuna osatzen duen komunitateak badu zer ospatu gaur [maiatzak 18]: 50. urteurren jaialdia egiten ari dira Gernika-Lumoko Pasealekuan. Adin denentzako ospakizun egitaraua atondu dute elkarlan aparta egin ostean, eta gaurko jaia horren ondorio besterik ez da. Kolektiboa bera erdigunera ekarri dute, jaialdiraren leloa “danona” baita. 11:00etan ekin diote egun osoa hartuko duen egitarauari.
Txupin jaurtitzeagaz batera, gaztetxoenak izan dira eguneko lehendabiziko protagonista nagusiak. Denetariko jolasekin girotu dute goiza: puzgarriak, giza futbolina, esku lan tailerrak, Txitatokiren zirku akrobaziak, malabarismo saioak, eta abar luze bat. Gazteenek ez ezik, adinean nagusiagoek ere ez dute herriko eskola publikoari beren babesa eta elkartasuna adierazteko aukera; hain zuzen ere, Urdaibai Kantaguneko kideek Pasealekua euskal kantuak abesten ipini dute, aldarte bikainean. Musikari eta musikazaleen tropelak, jarraian, herriko beste bazter batzuetara jo du.Ā Elai Alai dantza taldekoek bereganatu dute, ostean, bertaraturikoen aditasuna: neska-mutil gazteek denetariko euskal dantzak dantzatu dituzte, ikurrina, makila, otzarak zein zapiak eskutan.
Aritz Zearra: “Geure kulturan, hizkuntzan, inklusioan eta kohesioan oinarrituriko gizarte hobe bat eraikitzera goaz, betiere euskaratik eta euskaraz”
Dantza emanaldiaren ondoren alegatu da eguneko gailurretako bat. Allende Salazarreko egungo zuzendariak, Aritz Zearrak, bidelagun direnei eta izandakoei omenaldia egin gura izan die, ikastetxearen komunitatearen izenean. Udalerriko aniztasuna aberastasun bihurtu dutela aldarri eginez, “danontzako aukera berdintasunagatik borrokan” jarraitzeko hautua berretsi du: “Umeak erdigunera ekarri, eta belaunaldi berriak balioetan hezteko helburua daukagu; geure kulturan, hizkuntzan, inklusioan eta kohesioan oinarrituriko gizarte hobe bat eraikitzera goaz, betiere euskaratik eta euskaraz”.
“”Gernika-Lumoko familia, komertzio eta enpresak gabe, hau ez litzateke posible izango, ezta egun osoan beharrean dabiltzan 300etik gora boluntarioak barik ere”
Bestalde, Zearrak gogoan eduki ditu jaialdia autofinantzatzeko laguntza eman dutenen ekina: “Gernika-Lumoko familia, komertzio eta enpresak gabe, hau ez litzateke posible izango, ezta egun osoan beharrean dabiltzan 300etik gora boluntarioak barik ere. Kristorenak zarete, bejondeizuela, eta zorionak! Danontzako, danokaz, danona!”. Zuzendariaren berben hondarretik piztu da Gozategi taldearen musika. Pasealekua salto batean ipini dute, beraien emanaldia hasi bezain pronto. Ez hori bakarrik: arkupeetan txosnako beharginak jo eta su aritu dira goiz osoan, taloak nahiz ogitartekoak zerbitzen.
Dezibelak eta jaia.
Musikak eta ospakizunak ez dute etenik izango arratsaldean zein gauean ere. 18:00etatik aurrera, Tukatukadak perkusioz jantziko du herria; horrez gain, skate ikastaroaz gozatzeko aukera ere egongo da. 19:30ean, Ross Dantza Eskolako kideek dantza ikuskizuna emango dute, berriro oholtza nagusira begira jarri orduko. Hain zuzen, herriko taldeek bertaraturikoen gorputzak mugiaraziko dituzte: Audiencek, lehenik; Gatibuk, ondoren. Luhartz erromeriaren erritmoak borobilduko du mende erdia eta milioika ilusio batzea lortu duen eguna.


























































































































