Pablo Gonzalezek bere lagunen eta senideen bisita jaso du
Ekainean jaso zuen kazetari elantxobetarrak azken bisitaldia, Radomgo kartzelan. Bere bikote Oihana Goirienak osasun eta aldarte aldetik "azken aldian baino hobeto" topatu du Gonzalez.
Bere aurkako karguak aurkeztearen eta epaiketa bidezko baten esperoan daramatza bi urte eta hiru hilabete Pablo Gonzalezek. Radomgo espetxean kartzelaratuta dago kazetari elantxobetarra, eta aipatutako tarte hori guztia isolamendu egoera ia totalean igaro du. Berriki, baina, haize fresko apur bat eman dion leiho bat zabaldu zaio: bere emazte Oihana Goirienak, seme zaharrenak eta hurreko adiskide bik aurrez aurreko bisita egin diote. Goirienak bere bikotekideari egin dion hirugarren bisita presentziala izan da azken hori; bigarrena eta estreinakoa izan dira, hurrenez hurren, semeari eta lagunei dagokienez. Jaso dituen gainontzeko bisita murritzak bere abokatuenak eta Espainiako kontsularenak izan dira. Gainontzeko kanpo komunikazioa espetxeko arduradunek hurretik kontrolatu dituzten gutun bidezkoa izan da.
Oihana Goiriena: “Azken bisitan, ekainean, txarrago topatu genuen; amorratuta igarri genuen, suminduta”
Goirienak argitu du Gonzalez “osasun aldetik ondo eta esperantzagaz” topatu dutela Radomen: “Azken bisitan, ekainean, seme nagusiak, Pabloren amak eta nik neuk txarrago topatu genuen; amorratuta igarri genuen, suminduta. Oraingo honetan, baina, lasaiago ikusi dut, eta lagunen bisitaldiagatik pozarren”. Isolamenduaren zelanbaiteko irekidura horrek zeri erantzun diezaiokeen galdetuta, Goirienak azaldu du arrazoi zehatzik ez dutela topatu, baina aukeretako bat Poloniako gobernu aldaketa izan daitekeela: “Ez dakigu zehazki zer dela eta onartu duten bat-batean geure bisita eskaera eta, batez ere, bere lagunena. Edozelan ere, berri zeharo ona da, eta espero dugu aurrerantzean joera horri jarraipena ematea”.
“Abokatuek espediente osoa jaso beharko lukete, bere aurkako karguak zehatz ezagutzeko”
Espediente osoa, nahitaezko.
Kazetariaren errugabetasuna frogatzeko eguna “geroz eta hurbilago” dagoen esperantzan, bere defentsa prestatu gura dute eta horretarako traba nagusi bat dute: “Abokatuek espediente osoa jaso beharko lukete, bere aurkako karguak zehatz ezagutzeko. Gaur-gaurkoz, ustezko espioitza da kargu nagusi bakarra, inongo frogarik aurkeztu gabe; espediente osoa, beraz, nahitaezkoa dugu”.