Busturialdeko eskola txikiak, bizi-bizirik
Busturialdeko Eskola Txikien Jaia ospatzen ari dira gaur [maiatzak 10] Ibarrangelun.

Ibarrangelu jai giroan-bete betean sartuta dago: Busturialdeko Eskola Txikien Jaia egiten ari dira. Urtero-urtero, eskualdeko udalerri jakin bateko eskola txiki bat arduratu ohi da ospakizun berezi horren antolakuntzaz eta kudeaketaz, eta aurten Ibarrangeluko, Eako eta Elantxobeko ikasleak hartzen dituen Haizeder Eskolari egokitu zaio egiteko hori. Haizederrek Mundakako Eskolaren lekukoa hartu du, iaz hango lantaldea arduratu baitzen jaialdiaz. Haizederregaz batera, ondorengo eskolak ari dira parte hartzen jaian: aipatutako Mundakako Eskola, Muxikako Urretxindorra Herri Eskola, Gautegiz Arteagako Montorre eskola eta Busturiko Jose Maria Uzelai Herri Eskola.Ā
10:15ean ekin diote ospakizunari, Ibarrangeluko udal pilotalekuaren eta kultur etxearen inguruan. Lehenik eta behin, ikasle guztiei harrera egin die talde antolatzaileak, eta ez dira falta izan uneak hilezkortzeko argazkiak ere. 10:30ean, ostera, jai egitarauko gailurretako bat ailegatu da: kalejira. Ospakizun giroan murgilduta eta aldarte ederrean, kantu eta dantzan elkartu dira eskola guztietako ordezkariak. 11:15ean, ikasleek emanaldirako entsegu saioa egin dute, eta jarraia emankizun horretarako indarrak hartu dituzte, hamaiketakoa eginez. 12:20an iritsi da musika emanaldiaren txanda: haurrak, mailaz maila antolatuta, frontoiaren erdialdera atera dira; abesti jakin bat hautatuta, haren talde koreografia egin dute, eta ikusleek txalo zaparradekin hartu dituzte. Gaztetxoenetatik zaharrenetara, denek ala denek beraien aurpegirik onena erakutsi dute.Ā
13:00etan, Haur Hezkuntzako ikasleak bazkaritara joan dira, 14:00etan tailerren eta jolasen txanda iritsiko baita. 14:45ean emango diote amaiera eskola txikien jaiari, parte hartzaile guztien agurragaz. Beste urte batez, Busturialdeko eskola txikiak bizi-bizirik eta ilusioz gainezka daudela frogatzen ari dira, oraingo honetan Ibarrangelu izan da horren egoitza eta testigu.



















































