Eatarrek Lekeition aparkatzeko aukera izango dute udan
Horretarako, maiatzaren 30a aurretik eskaera egin beharko dute udalean.

Uda sasoian lekeitiarrek aparkatzeko arazo “handia” izaten dutela eta, aparkatzeko sistema berria diseinatu du Lekeitioko Udalak. Esan dutenez, herritarrak, komertzioak, ostalariak, inguruko herritarrak eta uda sasoiko bisitariak izango dira sistema berriaren ardatza, eta, ondorioz, Eako herritarrek gune berdean eta urdinean debalde aparkatzeko aukera izango dute. Hori bai, horretarako, maiatzaren 30a aurretik eskaera aurkeztu beharko dute Eako udaletxean edota udala@ea.eus helbide elektronikora eskaera bidalita.
Lekeitioko Udalak hiru gunetan banatu ditu aparkatzeko eremuak:
- Gune berdea: Lekeitio, Ea eta Lea-Ibarrako herritarrentzako aparkalekuak. Herrigunea ia osotasunean hartzen du gune honek, gune gorriak baino ez baitira salbuespenak.
- Gune urdina: Herriaren sarrerako aparkalekuak dira horiek. Pegatina berdea dutenentzat doakoak izango dira, eta bisitarientzat, ordea, ordainpekoak izango dira hirugarren ordutik aurrera.
- Gune gorria: Eremu komertzialetan erosketak egin ahal izateko errotazio azkarreko aparkalekuak izango dira.
Horiek horrela, zehaztu dute eatarrek bi baldintza bete beharko dituztela gune horretan aparkatzeko pegatina eskuratzeko: batetik, kotxearen jabea Ean erroldatuta egon beharko da, eta bestetik, kotxearen zergak ere herrian ordaindu beharko dituzte. Bi baldintza horiek bete eta udalagaz zorretan ez dagoen horrek eskuratuko du beharrezko baimena.
Behin baimena eskuratuta, pegatinak ekainaren erdialean jaso ahalko dira Eako udaletxean, bost euroren truke. Jakinarazi dutenez, eranskina betirako izango da, eta ez da urtero ordaindu beharko.
Eta, esan dute, hurrengo urtean baimendutakoen zerrenda eguneratuta bidaliko diola Eako Udalak Lekeitikoari, baldintzak betetzeari utzi dion kotxea automatikoki desgaituz. Auto berriak zerrendan sartzeko, berriz, txartelaren eskaria egin beharko du jabeak, dagokion epeetan.