Zabalik dago Eako udaleku euskaldunetan izena emateko epea
Lau urtetik hamabi urtera arteko umeentzako udaleku euskaldun irekiak izango dituzte uztailean, Ean, 09:30etik 13:30era bitartean. Maiatzaren 17ra arte izena eman ahalko da.
Azken urteetan ohiko bihurtu den legez, lau urtetik hamabi urtera arteko umeentzako udaleku euskaldun irekiak izango dituzte uztailean, Ean. Astelehenean zabaldu zuten izena emateko epea, eta hori egiteko azken eguna izango da maiatzaren 17a.
Izena emateko, 2012 eta 2020 urte artean –biak barne– jaiotako umeak izan beharko dira, eta euskaraz jakin beharko dute. Interesatuek udaletxean (09:00etatik 14:00etara), Eskolondon (astelehen, eguazten eta eguenetan, 17:00etatik 20:00etara arteko ordutegian edo martitzenetan 10:00etatik 13:00etara arteko epean) edota posta elektronikoz (inprimakia kultura@ea.eus helbidera botata) egin ahalko dute hori.
Udalekuen ordutegia, uztailaren 1etik 30era artean, 09:30etik 13:30era izango da.
Haurren arteko harremanetan euskararen erabilera bultzatzea izango dute helburu udalekuek, baita euskal kultura ezagutzea, naturarekiko errespetuzko jarrerak sustatzea, elkarrenganako begirunezko eta afektuzko harremanak eraikitzea ere; zela ez, ondo pasatzeko eta gustura sentitzeko udalekuak ere izango dira.