Hobekuntza lanak egingo dituzte Euskal Herria Museoan
Bizkaiko Foru Aldundiak 600.000 euro inbertituko ditu Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan hobekuntza lanak egiteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak Europako Next funtsetako 600.000 euro kudeatuko ditu Donejakue bideari lotuta dauden kultur ondasunen birgaitze turistikorako proiektu jasangarri eta berritzaile bi gauzatzeko: 300.000 euro bideratuko ditu Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoaren eraikina –Alegria edo Montefuerte jauregi bezala ezagutzen dena– hobetzera, eta beste horrenbeste, Balmasedako La Encartada Fabrika Museoko zentral hidroelektrikoa eta hori hornitzen duen ubidea hobetzera.
Izan ere, Europar Batasunak finantzatzen duen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan sartzen dira jarduketa horiek, helburua delako erabilera turistikoa duen Bizkaiko ondare historiko eta kulturala kontserbatzea eta bultzatzea. 36ko gerran 1937ko bonbardaketatik libre geratu zen Gernikako alde horretan dago museoa, eta 1982an aldundiak eskuratu zuen orubea, museoa izateko prestatzeko. Orain, hobekuntza lanak behar dituela esan dute.
Eta, zehaztu dutenez, Euskal Herria Museoa dagoen Alegria jauregia birgaituko dute, eta instalazioak modernizatuko dituzte horretarako: LED teknologia eta energia aurrezteko norbait dagoela nabaritzen duten detektagailuak jarriko dituzte, baita wifi konexioa eta hondakinak biltzeko edukiontziak ere. Kontsumo elektrikoen monitorizazioa ere hobetu gura dute, eta, horrez gain, instalazio fotovoltaikoa jarriko dute teilatuan, autokontsumo partekatua edukitzeko eta aparkalekuan ibilgailu elektrikoentzako kargagailu bat jartzeko.
Bestalde, beste 300.000 euro inbertituko dituzte La Encartada Fabrika Museoan, ondare industrialaren erreferentea delako. Hala, zentral hidroelektrikoa hobetuko zaio, eta, besteak beste, belar sastrakak kenduko dituzte, ataskak atondu eta ubideak eta karga ganberak berregin eta gaineztatu. Gainera, hobekuntzak egingo dituzte eraikin nagusian, ura itzultzeko bidean, sarbideetan eta inguruan: Uharkan, ubidean eta turbinan zaharberritze lanak ere egingo dituzte.