Pablo Gonzalezi elkartasuna erakutsiko diote Nabarnizen
Nabarnizko eta Elantxobeko herrikideek antolatuta, kazetariaren aldeko Elkartasun Eguna antolatu dute, haren urtebetetze eguna ere badela aprobetxatuta. Bertaratzeko deia egin diete herritarrei eta inguruko herrietako bizilagunei.
Bi urte baino gehiago daramatza Pablo Gonzalez kazetari elantxobetarrak Polonian preso, isolamendu egoeran kartzelaratuta, Errusiarentzat espioitza lanak egitea leporatuta. Ordutik hainbat eta hainbat aldiz kalera atera dira herritarrak, hura askatzeko eskatuz. Izan ere, ez dute haren kontrako probarik aurkeztu. Egoera horren aurrean, Nabarnizko eta Elantxobeko herrikideek antolatuta, kazetariaren aldeko elkartasun eguna antolatu dute domekarako, haren urtebetetze eguna ere badela aprobetxatuta; iaz ere egin zuten jaialdia, eta 9.300 euro bildu zituzten hari laguntzeko.
Bi urte luzez herrian egon ez den arren, familiak, lagunek eta herrikideek gogoan dute Gonzalez. Hala, kazetariari zein bere familiari elkartasuna adierazteaz gain, Gonzalezi bakarrik ez dagoela erakutsi gura diote: “Pablori, fisikoki urrun eta isolatuta egon arren, bakarrik ez dagoela adierazi gura diogu”. Hori dela eta, Photocalla jarriko dute, baita gutunak idazteko gune bat ere, han argazkiak atera edo gutunak idatzi eta Gonzalezi bidaltzeko.
Gonzalezen auzia gizarteratzeko helburua ere badauka elkartasun egunak. Izan ere, egun hori aprobetxatuta, Poloniari eta Europar Batasunari exijituko diete Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean sinatuta dituzten eskubide guztiak betetzeko; hain zuzen ere, Poloniako agintariei gutxieneko eskubide horiek betetzeko eskaera egiteko eskatuko diote Espainiako Gobernuari.
Horrez gain, egunean bertan biltzen den dirua abokatuen gastuetan laguntzeko izango dela jakinarazi dute antolatzaileek, asko baitira kazetariak kartzelan dituen eta ikusezinak diren gastuak.
Egun osoko egitaraua.
Kazetariaren urtebetetzerako egun osoko egitaraua prestatu dute, 10:00etatik aurrera herriko plaza beteko baitute ekitaldiek. Ordu horretan, Arrolara joango dira ibilaldian, bertan Gonzalezi helarazteko talde argazkiak ateratzeko.
Bueltan, 13:00etan hasiko da ekitaldi nagusia. Arkaitz Estiballes bertsolariak bertso batzuk botako ditu, eta, ostean, mintzaldi laburrak eskainiko dituzte Garbiñe Biurrun epaile eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako magistratuak, Ramon Zallo EHUko Komunikazioko katedradunak eta Oihana Goiriena Gonzalezen bikotekideak. Horien hitzak Asier Zugadik eta Garazi Urzaak musikatuko dituzte.
Ekitaldiaren amaieran, Barrutia ikastetxekoek antolatuta, mosaikoa egingo dute Gonzalezi elkartasuna adierazteko. Nabarnizen ez da faltako musika: Audience taldeko Ruben Garatea eta Gaizka Insunza, The Uskis, Txapel Punk taldeko Iñigito, NAZ eta Erreten taldeak ariko baitira.
Antolatzaileek Nabarnizera bertaratzeko deia egin diete herritarrei eta inguruko herrietako bizilagunei; era berean, egun hori antolatzen lan egin duten pertsonen beharra eskertu dute, baita Nabarnizera hurbilduko diren eta euren borondatezko ekarpena egingo duten guztien elkartasuna ere.
EGITARAUA
10:00. Elkartasun martxa, herriko plazatik Arrolara. Argazki erraldoia aterako dute han.
13:00. Ekitaldi nagusiari hasiera, txalapartarien eta Arkaitz Estiballes bertsolariaren eskutik.
Gero. Hizketaldiak: Ramon Zallo, Garbiñe Biurrun eta Oihana Goiriena. Asier Zugadik eta Garazi Urzaak musikatuko dute egonaldia.
Ondoren. Barrutiko eskolako lagunen mosaikoa.
15:00. Patatak errioxar erara.
15:00. Kontzertu akustikoak: Audienceko Ruben eta Gaizka, The Uskis, Txapel Punkeko Iñigito, NAZ eta Erreten.
Arratsaldean. Bizkotxoa salgai.