Bertako produktuen erakusleiho izango da Morga
Ekoizleen 36 salmahai egongo dira, hamazortzi izango dira nekazarienak eta beste horrenbeste artisauenak. Produktuen salmentaz harago, urtero ekitaldi osagarriak antolatzen dituzte, eta aurton, herri kirolak sustatzearen aldeko apustua egin dute udal ordezkariek, herri kirol erakustaldia eskainiko baitute Sustabizeko kirolariek.
23. Morgako Azokak inguruko ekoizleak zein erosleak batuko ditu domekan (apirilak 28), 10:00etatik 15:00etara bitartean. Aurten ere, nekazal eta artisauen postuak zein txosna egongo dira herriko plazan, baita animalien erakusketa ere.
Udaletik jakinarazi dutenez, ekoizleen 36 salmahai egongo dira, hamazortzi izango dira nekazarienak eta beste horrenbeste artisauenak. Ohiko azoka eremuan banatuta egongo dira ekoizleak, nekazariak plazan eta artisauak frontoian. “Inguruko ekoizleei euren produktuak erakusteko plaza bat eskaini gura izaten diegu”, azaldu du Mari Tere Artetxe Morgako alkateak.
Aurrekoetan modura, aurtengoan ere denetariko produktuak egongo dira. Nekazariek txakolina, sagardoa, estia, gaztak, ogia edota pastelak salduko dituzte, eta artisauek egurrezko zein telazko produktuak, Artetxeren esanetan. Ohi legez, animalia mota zein espezie desberdinak ere egongo dira Andra Mari elizaren inguruan. “Bertaratzen jendearen ikusmira sortzen dute, eta jende asko biltzen da animalien inguruan”, gehitu du.
Produktuen salmentaz harago, urtero ekitaldi osagarriak antolatzen dituzte, eta aurton, herri kirolak sustatzearen aldeko apustua egin dute udal ordezkariek: “Gure kirolak sustatzeko ezinbestekoa da horiei ikusgarritasuna ematea”. Hala, lasto, harri eta ingudeak jasotzeko, trontzako eta txingak eroateko erakustaldia eskainiko dute Sustabiz Herri Kirol Zentroko kirolariek: Leire Oleak, Zihara Zabalak, Iñaki Rafaelek, Engels Bellok, Lucia Perezek, Bingen Erleagak eta Inhar Urruzunok.
Azoka girotzeko, ezinbestekoa da jendea bertaratzea, eta horretarako gonbidapena egin diete udal ordezkariek herritarrei zein inguruko bizilagunei.