Natxituko helmugak Caja Rural-Alearen kolore berdea du
Pablo Lospitaok irabazi du Natxituko 28. San Isidro Sari Nagusia. Bere taldekide Mikel Untzilla izan da bigarrena, eta Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa etxeko Aitor Agirre, berriz, hirugarrena.
Caja Rural-Alea taldeak ez zuen aurkaririk topatu, iragan zapatuan [apirilak 20], Natxituan lehiatutako Euskaldun Torneoko zortzigarren lasterketa puntuagarrian. San Isidro Sari Nagusiaren 28. ekitaldia egin zuten, maila handiko parte hartzeagaz, eta aipatutako taldea jaun eta jabe agertu zen. Pablo Lospitaok poltsikoratu zuen garaipena, eta bere taldekide Mikel Untzillaga bigarren postuan helmugaratu zen; podiuma Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa etxeko Aitor Agirrek eskuratu zuen. 153 tropelak abiatu zuen lasterketa, eta 94 iritsi ziren helmugara; izan ere, ia 42 kilometro orduko abiaduran aritu ziren, ia 3.000 metroko desnibela eduki zuen ibilbidean.
Egiteko gogorra eduki zuten ziklistek: 119 kilometroko ibilbide gorabeheratsua eta teknikoa. Lehenik eta behin, Kanala-Laida-Laga-Ibarrangelu-Arboliz itzulia egin zuten. Ostean, Ea-Ispaster-Atxoste-Ibarrangelu-Arboliz blokea hiru aldiz egin zuten. Lasterketa amaieran, une gakoa iritsi zitzaien txirrindulariei: Eatik Bedaronara igo behar izan ziren; jarraian, Angelutxutik igota harrapatu zuten helmuga lerroa.
Mikel Untzilla gailendu zen mendiko sailkapenean; Gabriel Otxando, tarteko helmugetan
Lehen kilometroetatik ihesaldi saiakerak nagusitu ziren, eta lasterketaren erritmoa oso handia izan zen. Une batean, lasterketa neutralizatu ere egin behar izan zuten, eroriko bat tarteko. Talderik esanguratsuenak, lasterketagatik ez ezik, bigarren mailako sailkapenengatik ere borroka handia eduki zuten. Hain zuzen ere, Untzillak mendiko sailkapena irabazi zuen; Gomur-Cantabria Infinita etxeko Gabriel Otxandok, ostera, tarteko helmugen sailkapena.
Aldapan gora, nagusi.
Bedaronan eta Angelutxun, azken mendate bietan, erabaki zen San Isidro Sari Nagusia. Azken metroetan bere apustua egin zuen Lospitaok, eta saiakerak fruitua eman zion: metro batzuk hartuta helmugaratu zen Natxituan; 20.50.52ko denboragaz burutu zituen lanak garaileak. Untzillak, berriz, esprintean poltsikoratu zuen bigarren postua. Caja Rural-Aleak, horrenbestez, taldekako lehian ere ez zuen aurkaririk eduki. Sailkapen orokorrean, lasterketa burutik oso urrun amaituta ere, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko Ander Ganzabal Euskaldun Torneoko lidertzan dago oraindik, 72 puntugaz. Eiser-Hirumet etxeko Iñaki Trujillo da bigarrena, 47 puntugaz; Caja Rural-Alea taldeko Aimar Erostarbe hirugarrena da, 42gaz.
Lospitaok afizionatu mailan bere lehenengo garaipena lortu zuen Natxituan, egun “oso bizkor” batean. Estreinako kilometroetan “uste baino sentsazioa txarragoak” eduki zituela azpimarratuta, lasterketak aurrera egin ahala, “sendoago” topatu zuen bere burua irabazleak: “Behetik gorako lasterketa egin dut. Azken igoeran, taldeak lau laguneko ordezkaritza zeukan eta, beraz, etengabe erasoan aritu gara. Behin metro batzuk harrapatuta, helmugarainoko bidea topera egin dut”.