Turismo jasangarria sustatzeko eta dinamizatzeko modu berriak ezagutuz
Urdaibaik Garrotxa bisitatu du turismo jasangarria sustatzeko eta dinamizatzeko modu berriak ezagutzeko, ikasteko eta trukatzeko. Eduki praktikoa duten lurraldeari buruzko bisita teknikoekin batera, hainbat bilera egin dira udaletako, turismo-erakundeetako eta inguruko enpresetako ordezkari instituzionalekin eta teknikariekin.
Urdaibaiko ordezkaritza bat Garrotxa eskualdean eta Baix Empordako zenbait gunetan egon da apirilaren 16tik 18ra bitartean, turismo jasangarria errespetatzen duten ekimenak sortzeko eta garatzeko erreferentziazko gune horietako batean. Urremendi Landa Garapen Elkarteko Ager Lejarreta presidente eta Aitziber Ansotegi gerenteak apzimarratu dute jardunaldi tekniko horiek Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna (TJEG) ezartzeko prozesuagaz jarraitzeko “beste esperientzia batzuk ikasteko eta ezagutzeko” aukera izan dela.
Hain zuzen ere, ezagutza horretan sakontzeko, Gironako Garrotxa eskualdea aukeratu dute helmuga modura, “erreferenteak” direlako naturguneen garapen iraunkorrean eta turismoaren kudeaketan, betiere ingurunearen, biztanleriaren, tokiko enpresen eta bisitarien beharrak kontutan hartuta. Eta, jakinarazi dutenez, bisitek “ikaskuntza esperientzia” bezala balio izan die bertaratu direnei; Urdaibaiko ordezkaritzaren artean, Biosfera Erreserbako Zerbitzuko arduradunak, hainbat elkarte (Aktiba, Nekatu eta Atrae) eta jatetxeen, ostatuen, enoturismoaren edo turismo aktiboaren azpisektoreetako ordezkariak egon dira.
Lan topaketa horiek askotariko gai “aberasgarrietan” oinarritu direla zehaztu dute, hala nola kudeaketa publiko-pribatuan, turismo produktuan, ekitaldietan, enogastronomian, arrantzan, elkarte sektorean, marka eta sustapoenean edota zikloturismoan. “Saio teknikoetan, eskualdeko sektore publikoak eta pribatuak egin nahi dituzten jarduketetarako erreferentziazko adibideak bilatu dira”, azpimarratu dute Urremendikoek.
Gehitu dute, eduki praktikoa “harremanak estutu” eta hainbat bilera egin dituztela udaletako, turismo erakudneetako eta Garrotxa inguruko enpresetako ordezkari instituzional eta teknikariekin; saioen artean, Turisme Garrotxa elkarte publiko-pribartuagaz egindako jardunaldia nabarmendu dute. “Elkarte hori erreferentea da 2001etik TJEGrekin akreditatuta dagoen eta 2021-2025 aldirako konprimisoa berritu duen bere lurraldeko turismo kudeaketan”.
Horrelako esperientziak “oso aberasgarriak” eta “balio handikoak” direla dio Ansotegik: “Turismo jasangarrain aitzindariak diren lekuak bisitatzeak ezagutza handia sortzen du. Alde batetik, bide horretan denbora asko daramaten eragileek eboluzioa nolakoa izan den, zein praktikek funtzionatu dute, zeintzuk ez… erakusten digute”. Izan ere, Urdaibaik 2019an bat egin zuen TJEGgaz, baina Garrotxan 2011az geroztik dabiltza lanean, eta, ondorioz, esperientzia handia dute.
Hala, aukera hau etorkizunari begira “ikasteko, harremanak estutzeko eta sinergiak sortzeko” aukera legez definitu du. “Urdaibain garatu eta landu daitezkeen gaiak, jarduerak ondo ikasi eta aintzat hartu ditugu, eta, aldi berean, gure ekimenak eta jarduerak azaltzeko ere balio izan digu, baita gure eskualdea turismo jasangarriaren esperientzia askoren abangoardian dagoela egiaztatzeko ere. Horrek harro sentiarazten gaitu, lan egiten jarraitzera bultzatzen gaitu”.