Adineko bi pertsona hil dira Ajangizko etxebizitza batean piztutako sutean
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ispizua auzoan gertatu da ezbeharra, goizeko 10:00ak bueltan. Sutea non eta nola piztu den ikertzen ari da Ertzaintza.
Ajangizko Ispizua auzoko baserri batean piztutako sute baten ondorioz andrazko bat eta gizonezko bat hil dira; andrazkoak 60 urte zituen, eta gizonezkoak 73. Segurtasun sailak jakinarazi duenez, etxebizitza barruan zegoen hirugarrena pertsona bat artatu eta Gernikako ospitalera eraman behar izan dute larrialdi zerbitzuek, kea arnasteagatik.
10:00ak aldera piztu da sua Ispizua auzoko hainbat solairuko baserri batean, eta, 10:10 inguruan herritarren abisua jaso eta gero, larrialdietako zerbitzuak bertaratu dira. “Suhiltzaileak baserrira sartu dira eta barruan adineko bi hildako aurkitu dituzte. Halaber, sutearen ondorioz kaltetutako etxebizitzaren barruan zegoen hirugarren pertsona ospitalera eroan dute osasun langileek”, azaldu du Sergurtasun sailak.
Gainera, jakinarazi dute Ertzaintzak ikerketa abiatu duela “zorigaiztoko” gertaeraren nondik norakoak argitzeko.
Auzokide batek azaldu duenez, ke beltza baino ez zen sumatzen; ez da sugarrik egon. Testiguaren esanetan, lehenengo solairutik zetorren kea, eta bertan zegoen gizonezkoak lo egiten zuen logela. Jakinarazi duenez, orain dela sei urte berriztu zen baserri horretakoa zen hildako gizona. Bizirik atera den emakumea bere emaztea zen, eta koinata zendu da berarekin batera.