II. Errepublika gogoratzeko berbaldia antolatu du Pipergorrik
Errepublika eta errepresio frankistan aditua den Fernando Obregon Goyarrolak berbaldia eskainiko du barikuan (apirilak 12), 18:30etik 20:00etara bitartean, Gernika-Lumoko kultur etxean.
Memoriaren hilabetea da apirila Gernika-Lumon, hilabete honetan batzen direlako bonbardaketaren urteurrena eta Errepublikaren aldarrikapena. II. Errepublika aldarrikatu zutenetik 93 urte beteko dira apirilaren 14an, eta, hori gogoratzeko berbaldia antolatu du Pipergorri kultur elkarteak.
Gernikarren memoria publiko eta kolektiboan era aktiboan Errepublikagaz konprometitutakoek jasandako errepresio frankistagaz lotzen diren gertaerak gizarteratu gura ditu elkarteak: “Esanguratsua da Errepublika denbora ezagutzea haren osteko errepresio frankista ulertzeko: Iturri eta Briñasen fusilamenduak, gernikar askoren kontrako sumarioak, depurazioak, inkautazioak eta errepresioko beste bitarteko batzuk”.
Hori dela eta, Errepublika eta errepresio frankistan aditua den Fernando Obregon Goyarrolak berbaldia eskainiko du barikuan (apirilak 12), 18:30etik 20:00etara bitartean, Gernika-Lumoko kultur etxean: Ismael Lopez Frances: primer alcalde republicano de Gernika-Lumo 1931. “Garrantzitsua da ezagutzea nortzuk agertu ziren errepublikaren alde sasoi haietan, izan ere, eurak izan ziren lehenengo errepresio frankista sufritu zutenak”, azaldu dute Pipergorrikoek.
Lehenago, gainera, apirilaren 5ean, El maestro que prometio el mar (2023) ikus-entzunezkoa proiektatu zuten Lizeo Antzokian, Zine Klubagaz elkarlanean. Patricia Font zuzendariaren filma Antoni Benaigesen benetako historian oinarritzen da, eta hori erakutsi zuten. Ikus-entzunezkoan, familia askoren iraganaren bilaketa, hilobiak, desagertuak, errepresioa… ageri dira. “Pelikularen gaiaren berezko atalak dira La Pedrajan Aranzadi Zientzia elkarteak egindako exhumazioaren irudiak, tartean Paco Etxeberria eta Lourdes Herrasti ageri direla”, azaldu dute elkartekoek.