Parisko Lycee Henri Bergson Institututik Gernika-Lumora etorritako 29 ikaslek, eta hiru irakaslek, udalerria bisitatu zuten atzo (martxoak 13) arratsaldean, eta herriko memoriaren hiru gune garrantzitsu ezagutu zituzten: Bakearen Museoa, Batzarretxea eta Gerra Presoen Ospitale Militarra.
Azken gune horretan, Pipergorriko bi kidek eman zituzten Ospitale Militarrari buruzko azalpenak, eta ikasleen galderei ere erantzun zieten. Hiru leku horiek ezagutzeaz gain, Omako basora joan ziren ikasleak, eta hondartza eta Urdaibai erreserba inguruan ere ibili ziren.
Ikasle horiek batxilergo artistikoa ikasten ari dira, eta gaztelaniaz, gerra eta exilioari buruzko gaia jorratu dute. Bide horretan, Homenaje al exilio republicano antzerkia prestatu dute barikuan Tuteran erakusteko. Irakasleek zehaztu dutenez, bidaia honetan Gernika ezagutzeko “aparteko interesa” izan dute, “memoriagaz sendo lotutako herria delako”.