Gernika FS, Euskal Kopako lauko finalaren atarian
Gernika Futbol Salak Gora Bilbaoren kontra jokatuko du Euskal Kopako lauko finaleko finalerdia, martxoaren 23an; lehiaketako finala martxoaren 24an izango da.
Gernika Futbol Sala, hurigarren urtez, Euskal Kopa lehiatzen ari da. Hurrengo asteburuan lauko finala jokatuko dute, Lezon [Gipuzkoa]. Kanporaketa bi jokatu ondoren iritsi da talde gernika-lumotarra Euskal Kopako azken fasera. Lehendabizikoan Kukuiaga Etxebarri taldearen kontra 8-2ko markagailuagaz gailendu ziren; bigarrenean, ostera, 4-5ekoagaz nagusitu zitzaien Afantxo taldeari. Lauko finalean, maila handiko aurkariak edukiko dituzte aurrez aurre.
Finalerdiko arerioa, Gora Bilbao, zuzeneko aurkari dute ligan
Zapatuan [martxoak 23], Gora Bilbao taldeari aurpegia erakutsi beharko diote; beste finalaurrekoan, berriz, Euskal Ligan diharduen Elorriok Antiguoko KEren aurka jokatuko du. Bi horiek 16:15ean jokatuko dute, eta gernika-lumotarren txanda 18:15ean iritsiko da. Final handiari dagokionez, domekan [martxoak 24] lehiatuko dute finalerdiak gainditzen dituzten talde biek, 17:00etatik aurrera.
Gora Bilbao taldea aurkari zuzena da Gernika FSrentzat ligan, bien artean puntu biko alde murritza besterik ez baitago. Hori dela eta, partidu estua eta lehiatua izatea aurreikusten du Gernika-Lumoko taldeak. Partidu gogor horren atarian, taldea “sasoiko eta motibatuta” dagoela adierazi dute, eta helmugak argi asko zehaztuta dituzte: “Iaz, finalerdietaraino iritsi ginen, baina Antiguokok lehiaketatik kanporatu gintuen. Aurten, horrenbestez, finalaurrekoen langa gainditzea bilatuko dugu; finalera sailkatuz gero, dugun guztia emango dugu garaikurra Gernika-Lumora ekartzeko”.
Ligan bilbotarrei irabazteko gai direla frogatu duten arren, finalaurrekoan “edozein gailendu daitekeela” nabarmendu dute
Azken urteotan Euskal Kopara heldu ondoren, taldeak txapelketa horretan “eskarmentu handia eta baliagarria” eskuratu dituela uste dute eta, zentzu horretan, urtez urte garaipenetik hurrago ikusten dute beraien burua. Gogotsu eta indartsu daude, ligan Gora Bilbao taldeari irabazteko gai izan baitira. Garaipenok, ostera, “oso estuak” izan dira eta, hori horrela, “edozein gailendu daitekeela” nabarmendu dute.
Lauko finalerako autobusean izena eman gura dutenek taldeari sare sozial edota posta elektroniko bidez idatzi behar diote
Jarraitzaileen sugarra.
Lauko finalerako prestakuntzan bete-betean murgilduta dago talde gernika-lumotarra; beren hurrengo urratsa, azaldu dutenez, aurkariaren jokoa goitik behera aztertzea izango da. “Entrenatzaileak bilbotarren partiduak ikuskatuko ditu, partiduan zer eta zelan egin ondo dakin dezagun; gauzak oso argi eduki beharko ditugu, eta ahalik eta joko txukunena egiten saiatu beharko gara”. Alde horretatik, euren jokoa ikusleek hauspotuko dute, beste behin. Hain zuzen, azken urteotan egin legez, autobusbete jarraitzaile eta zaletu mugituko da Lezora ere. Babes hori “oso garrantzitsua” izango dela azpimarratuta, taldetik adierazi dute zale askok jadanik izena eman dutela: “Izena eman gura duenak taldeari posta elektronikoz idatzi beharko dio, edota sare sozialen bitartez hartu-emanean ipini”.