Inma Ruiz, short trackeko Espainiako Txapelketan aurkari barik
Inma Ruiz gernika-lumotarrak hiru urrezko domina irabazi ditu Espainiako Master Txapelketan. 400, 800 eta 1.500 metroko short track probetan lehiatu du.
Inma Ruizek markak apurtu ditu short track modalitateko Espainiako Master Txapelketan. Martxoaren 2an eta 3an lehiatu du txapelketa, Donostiako Antonio Elorza estadioan, eta urrezko hiru domina poltsikoratu ditu: hilaren 2an, goizez, pista estaliko 400 metroko proba lehiatu zuen, abiadura lasterketa deritzona; arratsaldez, berriz, 800 metrokoan aritu zen. Hurrengo egunean, 1.500 metroko lehian ibili zen Ruiz. Denetan ala denetan nagusi agertu zen, lehen postua eta horri dagozkion urrezko dominak eskuratuz.
Inma Ruiz: “Prestaketa seriotasunez hartu arren, aurtengo Espainiako txapelketa apur bat arraroagoa izan da lehiakideen maila aldetik”
Ruizek sasoi onean ailegatu zen txapelketara, aurretiaz egindako prestakuntza probetan “erregistro onak eta sentsazio oso positiboak” izan baitzituen. Urtero legez, Espainiako Txapelketarako prestaketa “seriotasunez” hartu du, baina aurtengoa “apur bat arraroagoa edo kamutsagoa” izan dela iruditu zaio gernika-lumotarrari: “Adinen araberako banaketa egitean, nik baino maila dezente txikiagoa zeukaten atletekin lehiatzea egokitu zitzaidan eta, alde horretatik, lehiak xarma pixka bat galdu zuela esango nuke”.
Parte hartzeari dagokiona.
Helburua orduko entrenamendu guztia “bikain” joan arren, lehia handiagoa topatzea aurreikusten zuen Ruizek. Lortutakoagaz “oso pozarren” agertu da, baina, era berean, lehiakortasun falta horren aurrean, irteera hartzeagaz batera bere burua “irabazle ikusi zuela” adierazi du: “Hasi bezain pronto, fisikoki benetan sendo igarri nuen neure burua, eta segituan egin nituen aldeak; egia esan, lortutako hiru garaipenak eroso samarrak izan ziren”.
Hurrengo helburuez galdetuta, lehenengo eta behin, entrenamendu saioekin jarraitzeko asmoa iragarri du Ruizek: “Txapelketa honetarako egin dudan legez, hurrengoak prestatzeko ere gogor lan egin beharko dut, aire librean lehiatuko baititut, hau da, gehien gustatzen zaidan testuinguruan eta hoberen doitzen zaizkidan baldintzekin». Hain zuzen ere, bere hurrengo helburu handia “5.000 metroko Espainiako Txapelketa izan daitekeela” azaldu du, baina oraindik ez du ziurtatu bere parte hartzea: “Don Beniton, Badajozen, izango da lasterketa; ikusteko dago bertan egongo naizen ala ez, oraindik goizegi da ezer konfirmatzeko”.
Aurrerantzean, kluben arteko eta bakarkako aire libreko Espainiako Txapelketetan egotea espero du atleta gernika-lumotarrak
Horrez gain, ekainean, kluben arteko Espainiako Txapelketa ere begiz jota dauka gernika-lumotarrak. Ibizan izango da proba hori. Ez hori bakarrik: uztailean aire libreko bakarkako Espainiako Txapelketan parte hartzea ere aurreikusten du. “Badakigu uztailean egingo dutela, baina oraindik ez dute zehaztu non izango den; aire librean lehiatuta, gehiago disfrutatuko dut eta, gainera, seguru asko maila hobea edukiko dut. Hori bai, lehendabizi non egingo duten ikusi beharko dut”, argitu du.