Lehen mailako mediku arreta eskatzeko elkartuta
Ibarrangelutar eta elantxobetar herritarrak Ibarrangelun elkartu dira, Ruth Torrek udalerriotako mediku izaten jarrai dezan eskatzen.
Ibarrangeluko eta Elantxobeko 200 herritar baino gehiagok elkarretaratzea egin zuten atzo [martxoak 3], Ibarrangelun, herriotako mediku Ruth Torrek bere karguan eta, ondorioz, udalerriotan lanean jarrai dezan. Izan ere, Torre Galdakao-Usansoloko osasun zentrora lekualdatuko dute, eta albiste horrek hautsak harrotu ditu bai Elantxoben, bai Ibarrangelun. Medikuak eskualdean geratzeko barne mugikortausna onartzea eskatu zuen, eta herritarrek, beraz, eskakizun hori onartzeko deia egin diote Osakidetzako zuzendaritzari.
12:15ean Elizalde inguruan elkartu ziren herritarrak; aipatutako herrietako udal gobernu taldeak ere elkarretaratzean egon ziren. Mobilizazioaren helburua lehen mailako osasun arretari dagokion tokia bermatzea da. Torreri, hain zuzen, Osakidetzak onartu egin zion Ibarrangeluko eta Elantxobeko mediku izateko eskaera, baina, Enplegu Publikorako Eskaintzaren (EPE) plazen adjudikazioa izanda, lehenbailehen Galdakao-Usasonsoloko osasun zentrora bueltatzeko agindua ezarri zioten. Profesionalak eskualdean geratzeko eta horretarako plaza mantentzeko borondate argi eta garbia erakutsi arren, garu-gaurkoz, Osakidetzak erregu hori ez du kontuan hartu.
Ibarrangeluko eta Elantxobeko udal ordezkariek hurbiltasunezko harremana eta konfiantzazko zerbitzua “guztiz beharrezkoak” direla herriotan
Konfiantzazko medikua.
Herri bietako alkateak bat datoz Torreren aurrez aurreko presentzia nabarmentzerakoan. Herritar denek eta, batez ere, adinekoak direnek “konfiantzazko hartu-emana” behar dutela azpimarratu dute Jesus Mari Ziluaga ibarrangelutarrak eta Patxi Egurrola elantxobetarrak. Torrek, herriotan egin dituen bi urte eta pasatxoan, herritarren “konfiantza nahiz abegikortasuna” irabazi dituela eta bere postuari “egonkortasun handia” eman diola azaldu dute: “Oso ondo jagonda sentiarazten gaitu; adineko jendeak hurbiltasunezko harremana eduki behar du bere medikuagaz; esate baterako, gaixotasun kronikoen jarraipena egin behar du medikuak, eta herritarrek osasun historia bertatik bertara eta oso hurretik ezagutu behar du, hura ahal bezain hoberen zaintzeko”.
Torreren lekualdaketak Ibarrangeluko zein Elantxobeko lehen arreta “ezegonkortu” egingo duen beldurrez, adierazi dute Galdakao-Usansoloko plaza hartzera derrigortzeak “kolokan” ipintzen dituela herriotako profesionalak. Lehendik ere pediatria zerbitzuekin eta udako ordezkapenekin “nahikoa arazo eta traba” edukita, Torrerena arazo gehigarria dela salatu dute: “Bertoko plaza zalantzan jartzen ari dira, profesionalaren hautua errespetatu barik”.