Marrazki bizidunek hartu dute Ibarrangelu
Lorea dantza taldekoen dantza ikuskizunagaz eta kalejiragaz abiatu dituzte inauteriak Ibarrangelun. Egun osoko egitarauaz gozatzeko aukera paregabea dute.

Simpsondarrak, harriketarrak, Asterix eta Obelix galiarrak, supergizonak, ninja dortokak, pokemonak, Son Goku, Pipi kaltzaluze, Maya erlea… Marrazki bizidunek marrazki izateari utzi diote, eta inoiz baino biziago agertu dira Ibarrangeluko frontoian gaur [otsailak 17]. Denetariko pertsonaiez bete da herrigunea inauterietan, eta “giro herrikoi etaĀ paregabean” igaro dute goiz-eguerdia ibarrangelutarrek.
Mozorroak armairutik atera eta horiek jantzirik atera dira herritarrak kalera, izan ere, Ibarrangeluko Udalak egun osoko egitaraua zuen prestatuta gaurko, heldu zein gaztetxoenei zuzendutakoa. 12:30ean zuten jarrita hitzordua frontoian, eta ibarrangelutarrak apurka-apurka agertu dira bertan.
Lorea dantza taldekoek eta herriko gaiteroek jarri diote dantza eta musika egunari. Dantza taldekoen dantza erakustaldiagaz hasi dituzte jarduerak, eta kalejiran elkartu dira gero, frontoitik elizalderaino joateko.
Ā
Eguerdian jaiak ez du etenik izan, herritarrak bazkaltzera joan baitira Lagara. Umeak izan dira bazkaltzen lehenengoak, 14:00etan, eta 15:00etan heldu da nagusien txanda. Mahaigainekoaren ostean, arratsaldean ere jaiak ez du etenik izango.
18:30ean, Elizalden, txokolate jana egingo dute, eta musikak hartuko du plaza, gero, izan ere, Dj Jaikidek dantzatzeko eta kantatzeko kantuak jarriko ditu.
































































